Toka eta Igela Txapelketa antolatu dute Udaberri elkartean

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 6a, 17:00

Ekainaren hirugarren astean jokatuko dute, baina izena bihartik aurrera eman beharko da. Parte hartzaileak elkarteko bazkideak izan behar dute.

Udaberri Jubilatuen Elkarteak Toka eta Igela Txapelketa antolatu ditu ekainaren 21etik 24ra elkarteko bazkideentzat. Txapelketak Udaberri tabernako terrazan jokatuko da lau egunetan, 10:00etatik 12:00etara, eta denbora horretan ekintza horretarako bakarrik erabiliko dela terraza jakinarazi dute.

Pandemiaren egoerak hala baldintzatuta, ikuslerik gabe jokatuko dute, eta gehienez ere lau parte hartzaileko taldeetan banatuta ariko dira. Une oro, Udaberri elkartean egiten diren jarduera guztietan aplikatzen diren osasun-protokoloei eutsiko dietela zehaztu dute.

Txapelketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da jubilatuen elkarteko bazkide izatea, eta aurretik izena ematea Udaberriko bulegoan. Izen-emate egunak bihar, etzi eta etzidamu izango dira, baita ekainaren 14a ere, 10:00etatik 12: 00etara.