Hamaikagarren egin du Zarautz Gesalaga-Okelanek Lekeition

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 6a, 16:30

Hirugarren txandan lehiatu da, Donostiarra, Ondarroa eta Lekittarrarekin batera, eta laugarren bukatu du, 22:43,85eko denborarekin.

Lekeitioko gizonezkoen 42. eta emakumezkoen 10. banderen estropadak jokatu dituzte gaur goiz-eguerdi partean hainbat euskal traineruk, asko eta asko goiko mailetan lehiatzen direnak, denboraldi berrirako test moduan baliatuta. Urola Kostatik bost ontzi aurkeztu dira hitzordura, eta denetariko emaitzak izan dira batzuentzat zein besteentzat.

Gizonezkoei dagokienez, Hondarribiak irabazi du, eta Orio izan da eskualdeko ontzirik azkarrena, bosgarren postuan sailkatuz. Bigarren txandan nagusitasunez aritu den Getariak eskuratu du seigarren postua, eta Zarautz Gesalaga Okelanek, berriz, hamaikagarren amaitu du. Zarauztarrak hirugarren txandan lehiatu dira, Donostiarra, Ondarroa eta Lekittarrarekin, eta azkenak iritsi dira helmugara.

Edonola ere, test estropata izan da gaurkoa, eta liga hasteko hilabete falta da oraindik. Beraz, eskifaia puntuan jartzeko nahikoa denbora dute zarauztarrek.