Hiru positibo zenbatu dituzte asteburuan Zarautzen

Iazko asteko datuekin konparatuta, positiboak ia bikoiztu egin dira eskualdean azken hiru egunetan: 40 kutsatze detektatu dituzte, guztira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du joan den ostiralaz geroztik egindako PCR eta antigeno probetan hautemandako kasu positiboen berri ematen duen txostena. Eskualdean ia bikoiztu egin dira kasu positiboak azken asteburuan. Joan den astelehenean 22 kasuren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur, 40 positibo jakinarazi ditu.

Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, eta bere atzetik Azpeitia eta Zumaia izan dira positibo gehien baieztatu dituzten herriak. Osasun Sailak Azkoitian beste hamabost kasu positibo detektatu ditu azken hiru egunetan –bost ostiralean, sei larunbatean eta lau igandean–. Azkoitiko intzidentzia tasak 70 puntu egin du gora, 525,74an kokatzeko. Azpeitian, berriz, 11 positibo detektatu dituzte –zazpi ostiralean, hiru larunbatean eta bat igandean–; intzidentzia tasak zertxobait behera egin du halere han, 348,23tik 335,09ra hain zuzen. Zumaian, aldiz, bederatzi positibo hauteman dituzte –zazpi ostiralean eta bi larunbatean–. Zumaiako intzidentzia tasak nabarmen egin du gora, 81,41etik 254,40ra zehazki.

Getarian, Orion eta Zarautzen ere zenbatu dituzte positiboak. Zarautzen, esaterako, hiru positiboren berri eman du Osasun Sailak –bi ostiralean eta bat igandean–. Hango intzidentzia tasa ere puntu batzuk igo da, 167,05etik 175,61era hain zuzen. Getarian eta Orion kasu positibo bana atzeman dute. Getariako intzidentzia tasa 106,01etik 70,67ra jaitsi da, eta Oriokoak 81,54tik 277,23ra egin du gora. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu.

221 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo, 6.022 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 221 positibo detektatu zituzten. Bizkaian 93 positibo zenbatu zituzten, 54 Gipuzkoan, 40 Nafarroan eta 31 Araban. Hala eta guztiz ere, lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere positibo eman zuten PCR eta antigeno testetan. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3,6koa izan zen, beraz, atzo.

Ospitaleratzeen inguruko informazioa ere eman du Osasun Sailak txostenean. Gaur-gaurko 140 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 84 ZIUn. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak ere behera egiten jarraitzen du poliki-poliki. Astebetean 1,05etik 0,88ra jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako R0 indizearen batez bestekoa.