Positibo bakarra baieztatu du Osasun Sailak azken orduetan

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 8a, 13:10

Asteburuko datuekin alderatuz, zertxobait apaldu da eguneko kasu positiboen kopurua eskualdean: hamabi izan dira guztira, eta erdia Azpeitian.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta dokumentu horren arabera, atzo egindako frogetan 12 kasu positibo detektatu dituzte eskualdean. Horien erdiak, sei, Azpeitian izan dira, eta intzidentzia tasa 335,09tik 354,80ra igo da herrian. Eremu laranjan jarraitzen dute. Orio, aldiz, bi positibo atzeman dituzte, eta eremu horian jarraitzen du udalerriak, 293,54ko tasarekin.

Aizarnazabalen (130,04), Azkoitian (492,36), Errezilen (161,03) eta Zarautzen (167,05) kasu positibo bana izan da. Azken egunetako positibo kopururik baxuena izan dute Azkoitian, baina herriak eremu gorrian jarraitzen du. Zarautzek, berriz, eremu horian. 

Aian, (50,38), Beizaman (0), Getarian (70,67), Zestoan (77,04) eta Zumaian (254,40 tasarekin eremu horian) ez da kasu positiborik izan. 

243 positibo Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 10.211 froga egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietan 243 positibo detektatu dira. Araban 21 atzeman dituzte, Bizkaian 107, Gipuzkoan 70 eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean hiru. 

Erietxeen egoerari dagokionez, azken orduetan 32 pertsona ospitaleratu dira Osakidetzaren mendeko ospitaleetan, eta denera 127 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 84 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.