GKSk formakuntza saioa eta kontzertuak antolatu ditu igande honetarako

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 10a, 09:00
GKSren aurkezpen saioa, ikasturte honetan. (Urola Kostako GKS)

Aurrera doaz GKSk ikasturte honetan martxan jarritako formakuntza mintegiak; igande honetan egingo dute hurrengo saioa. Horretaz gain, Desgaraian eta Espartzu taldeen kontzertuak antolatu dituzte Putzuzulon egun horretarako. 16:30ean jarriko dituzte salgai sarrerak.

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak egun osorako egitaraua prestatu du Zarautzen igande honetarako, ekainaren 13rako. Ikasturte honetan ekin dio herrian formakuntza saioak egiteari, eta hain zuzen, iganderako jarri dute hurrengo hitzordua; 11:30ean hasiko da mintegia.

Arratsalderako, ordea, GKSk kontzertuak antolatu ditu Putzuzulo gaztetxean. 17:00etan hasita, Espartzu eta Desgaraian musika taldeak ariko dira. Ordu-erdi lehenago, 16:30ean, erosi ahal izango dira sarrerak Putzuzulon bertan, 5 euroan.

Desgaraian taldeak duela gutxi ekin dio musika ibilbideari, eta pixkanaka-pixkanaka, ari da estreinakoz hainbat txokotako oholtzetara igotzen. Piano nahiz gitarra doinuak ahotsarekin uztartzen dituzte taldeko musikariek. Espartzu bikoteak, bestalde, iaz atera zuen labetik bere aurreneko lana, Zerotik hasi; bi gitarrak eskuan hartuta ariko da igande honetan Putzuzulon.