Asteburuan egingo den Euskadiko hondartza-eskubaloi txapelketan parte hartuko dute zarauztarrek

250 jokalari bilduko ditu Orioko Antilla hondartzan gaur eguerdian aurkeztu duten lehiaketak. Larunbatean eta igandean jokatuko dituzte partidak egun osoan zehar.

Gaur eguerdian aurkeztu dute Orioko udaletxean Euskadiko hondartza-eskubaloi txapelketaren lehen edizioa. Larunbatean eta igandean egun osoan jokatuko dira partidak Antilla hondartzan goizeko bederatzietatik aurrera, eta 20 elkartetako 250 jokalari arituko dira lehian. Hondarretan lau jokaleku egokituko dituzte horretarako, eta partida bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Txapelketaz gain, erakustaldia ere egingo da igande arratsaldean. 

Anuska Esnal Orioko alkateak, Sergio Barcenilla Euskadiko Eskubaloi Federazioko presidenteak eta Idoia Larrañaga Orioko Eragin Eskubaloia Elkarteko presidenteak egin dituzte adierazpenak prentsaurrekoan, eta guztiek azpimarratu dute lehiaketa elkarlanean antolatu izana.

Eskualdeko taldeak 
Barcenillaren esanetan, hondartza-eskubaloia «garapenean» dagoen modalitatea da, eta balioan jarri du aurten egingo dena lehen txapelketa ofiziala izatea: «Eskubaloi mota honek tradizio handiagoa du Bizkaia aldean, eta indarra eman nahi diogu hemen ere. Pribilejiatuak sentitzen gara lehiaketaren lehen zatia Orion egingo delako. Bigarrena Getxon izango da, uztailaren 4 eta 5ean». 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jokalariak bilduko dira Orion, eta elkarte bakoitzak talde bana aurkeztu du txapelketara. Tartean dira Urola Kostako Orioko Eragin Eskubaloia, Zarauzko Bilionaire Kostaldeko Korsarioak eta Zumaiako Pulpo Ondartza taldeak. 

Gaztetxoak ere bai
Orio Eragin Eskubaloia Elkarteak federazioaren eskutik jaso zuen hondartzako txapelketa antolatzeko proposamena, presidenteak azaldu duenez: «Azken urteotan eskubaloiaren bueltan mugimendu handia sortu da Orion, eta horri bultzada handiagoa emateko helburuarekin jarri ziren gurekin harremanetan».

Elkarteak seniorretan talderik ez duenez, gaztetxoek ere jardunaldietan parte hartzea proposatu zuten oriotarrek. Hala, lehiaketa ofizialetik kanpo, jubenil eta kadete mailako emakumezkoen norgehiagokak ere izango dira; besteak beste, Orio, Zarautz eta Zumaiako taldeenak.

Hondartza-eskubaloiaren «ikusgarritasuna» azpimarratu du Barcenillak aurkezpenaren amaieran, eta lehiaketa ikustera hurreratzeko gonbita luzatu die herritarrei, segurtasun neurri guztiak beteko dituztela ohartarazi eta gero.