Kontsulta bat jarri du abian udalak etxebizitzetan balkoiak jartzeko ordenantza aldatzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 10a, 17:00
Balkoiak eta etxebizitzak. (Zarauzko Udala)

Herritarrek beraien proposamenak, kezkak eta ekarpenak gaurtik aurrera egin ditzakete, hirigintza@zarautz.eus helbidera bidalita. Epea uztailaren 9an bukatuko da.

Etxebizitzetako eraikinetan terrazak eta balkoiak eraiki ahal izateko  udal ordenantzaren kontsulta publikoa jarri dute abian. Ekarpenak egiteko epea gaur bertan ireki du udalak, eta uztailaren 9ra arte egongo da horretarako aukera, norbere proposamenak hirigintza@zarautz.eus posta elektronikora helarazita. Herritarrek udalari eginiko hainbat kontsulta eta eskaeraren ondotik dator parte hartze prozesu hau; izan ere, pandemiaren eraginez jasandako itxialdiak agerian utzi zuen etxebizitzetan balkoiak eta terrazak izatearen garrantzia herritarren artean.

Balkoi edo terraza berriak eraikitzeak eraikinen azalera eraikia handitzea dakarrela aditzera eman du Xabier Txurruka alkateak, eta 2008ko Plan Orokorrean jasota dagoen eta indarrean dagoen hirigintza-ordenantzek ez dutela baimentzen jada eraikita dauden eraikinetan honelako aldaketak egitea. "2008ko Plan Orokorra idazterakoan,ez zen aurreikusi balkoiek gaur egun izango zuten garrantzia. Lehen sumatu ez ziren beharrak agerian utzi ditu COVID19k", azpimarratu du  alkateak.

Hori dela eta, parte hartze prozesuari ekin dio udalak, herritarren ideiak, kezkak eta proposamenak jasotzeko, eta, ondoren, ordenantzaren aldaketarekin etxebizitzen kanpoaldeko espazioak gaitu ahal izateko. Txurrukaren esanetan, "eraikita dauden, eta balkoirik ez daukaten etxebizitzek balkoia izatea ahalbidetu nahi dugu". Alde horretatik, positibotzat jo dute etxebizitzetan kanpoko eremuak gauzatzea, aireaz eta eguzkiaz gozatu ahal izateko.

Hainbat puntu kontuan

Herritarrek puntu hauei buru duten iritzia jasoko da kontsultan: ekimenen bitartez konpondu nahi diren arazoak; arau horiek onestea beharrezkoa eta egokia den; arauaren helburuak –herritarren bizi-kalitatea hobetzea, balkoiak edo terrazak egiteko aukera ematea horretarako beharrezko baldintzak betetzen dituzten etxebizitzetan, terrazak edo balkoiak egiteko ezinbesteko eta beharrezko baldintzak arautzea–; eta beste aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaile batzuk.

Era berean, udalak eskuragarri jarri ditu Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezian (1-1 area) eta Hiriguneko Zabalgunearen Hiri Berrikuntzako Plan Berezian gai honen inguruan dauden artikuluak, herritarrek kontsultatu ahal ditzaten. Hemen ikus daitezke.