Izeta osaba-ilobek jantzi dute txapela

Bikote zarauztarra nagusitu da Binakako II. Euskal Pentatloi Txapelketan. Jon Unanue 'Goenatxo III'.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra hirugarren sailkatu dira. Azken postuan amaitu dute Kepa Peñagarikano azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak. 

Binakako II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatu zuten atzo –larunbata– arratsaldean Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Sei bikote aritu ziren nor baino nor, eta Jexux Mari Iruretagoiena eta Andoni Iruretagoiena osaba-iloba zarauztarrak izan ziren nagusi. 40 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarrak sailkatu ziren bigarren postuan, 43 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Eskualdekoak izan ziren hirugarren sailkatuak ere: Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak osatu zuten podiuma, 44 minutuko eta 4 segundoko denborarekin.

Iñaki Errazkin tolosarrak eta Aratz Mugertza mutrikuarrak osatutako bikoteak laugarren postua eskuratu zuen; haiek 44 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten egin beharrekoak amaitzeko. Bosgarren postuan, Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi aizarnarren ordez aritu ziren Aritz Irazabal ugaoarra eta Beñat Amade getxoztarra sailkatu ziren, 45 minutuko eta 31 segundoko denborarekin. Azken postua Kepa Peñagarikano azpeitiarrarentzat eta Gorka Etxeberria oriotarrarentzat izan zen; 49 minutu eta 32 segundo behar izan zituen bikoteak lanak amaitzeko.

Honako hauek izan ziren sei bikoteek egin beharreko lanak: 40 jasoaldi harriarekin, giza proban lau plaza, aizkoran lau kana erdiko ebaki, txingekin zortzi plaza eta lau kilometro zezen plazari biraka.

Emakumeak ere pentatloian

Emakumezkoen Pentatloiko Laboral Kutxa Saria ere jokatu zuten atzo Tolosan, lehen aldiz. Lehia horretan hiru bikotek aritu behar bazuten ere, Claudia Muñoz lesionatu egin zen, eta hark eta haren bikote Julia Martinezek ez zuten parte hartu lehian. Azkenean, bi bikoteren artekoa izan zen lehia: alde batetik, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi aritu ziren, eta bestetik, Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Azken bikote horrek egin zituen lanak azkarren, eta haientzat izan zen txapela; 29 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Bikote bakoitzak honako lan hauek egin behar izan zituen: harriari hogei jasoaldi eman, giza proban bi plaza egin, 45 hontzako bi enbor ebaki, txingekin sei plaza, eta bi kilometro korrika.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)