'Maitasunaren materia(lak)' taularatuko dute igandean, Antoniano aretoan

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 23a, 11:10

Zarauzko Bilgune Feministak antolatu du, eta Antoniano aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.

Ekainaren 28a LGTBI+ eskubideen aldeko harrotasun eguna da, eta horren harira, Zarauzko Bilgune Feministak Maitasunaren materia(lak) ikuskizuna antolatu du Zarauzko Parekidetasun Sailaren laguntzarekin. Emanaldia igande honetan izango da, 19:00etan, Antoniano aretoan, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Ikusleek bi gorputz ikusiko dituzte taula gainean, mugimendua eta ahotsa baliatuz maitasunaren inguruan hausnartzen eta jolasten. Bi gorputz horiek Mireia Delgado Exposito eta Uribarri Atxotegi Onandia izango dira, ikuskizuna aurrera emango duten artistak.

Bestalde, astelehena, LGTBI+ eskubideen aldeko harrotasun eguna izanik,  askatasunean eta aniztasunean bizitzeko aldarriaren alde kalera ateratzeko deia egin du bilgune feministak.