Intzidentzia tasak beherantz egiten jarraitzen du

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 25a, 13:40

Atzo ez zuten positiborik hauteman herrian, eta bost izan dira azken astean zenbatutakoak. Joan den ostiralean baino txikiagoa da intzidentzia tasa –42,83tik 25,70era jaitsi da–, baina duela astebete baino lau kutsatze gehiago izan dira. Eremu berdean jarraitzen du une honetan Zarautzek.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena. Horren arabera, atzo bi positibo atzeman zituzten herrian, eta horiekin, hamabost izan dira aste guztian zenbatutakoak, joan den astean adina. Intzidentzia tasak behera egin du joan den ostiraletik: 229,96koa zen orduan eta 210,25ekoa da gaur. Azken egunotako bilakaera, ordea, ez da horren positiboa. Izan ere, asteartean 164,24koa zen intzidentzia tasa, eta harrezkero, goranzko bidea hartu du. Dena dela, oraindik ere eremu horian jarraitzen du herriak. 

Urola Kostan, berriz, hiru positibo besterik ez zituzten atzeman atzo. Azpeitiko biak eta Orion hautemandakoa bestea; eta 33 izan dira aste guztian zenbatu dituztenak: Azpeitian hamabost, Zumaian zortzi, Zarautzen bost, Azkoitian lau eta Orion bat. Gainontzeko herrietan ez dute kasu bakar bat ere hauteman azken hamabost egunotan. 

Horrenbestez, eremu horian daude Azkoitia (91,80), Azpeitia (210,25), Orio (198,61) eta Zumaia (203,52); eremu berdean dago Zarautz (25,70); eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa hutsean dago eskualdeko beste herri guztietan.

Hego Euskal Herrian, 257 positibo

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 6.735 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 257 eman zuten positibo; %3,8k, hain zuzen. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehien: 89. Bizkaian 87 kasu baieztatu zituzten, Nafarroan 40 eta Araban 32.

Erietxeen egoerari dagokionean, berriz, atzo 24 lagun ospitaleratu dituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denera, COVID-19ak jotako 99 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan eta horietatik 34 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).