Nao Victoria oinarri hartzen duen erakusketa zabaldu dute Euskal Itsas Museoan

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 27a, 13:00

Zarautzen eraiki zuten ontziaren barruan Elkano eta anparauek bizitako xehetasunak biltzen ditu, eta mundua aldatu zuen itsas-bidaian murgiltzen ditu bisitariak.

Egun bat Victoria ontzian erakusketa zabaldu berri dute Donostiako Euskal Itsas Museoan. Juan Sebastian Elkanoren Nao Victoria ontziari eskainita dago, Zarauzko ontzioletan eraiki zena 1515ean, Aitze auzoan, Arizia baserriaren ondoan. Erakusketak itsasontziko bizitzaren xehetasunak biltzen ditu, eta mundubira murgiltzen du bisitaria.

Juan Sebastian Elkanoren Nao Victoria ontzian bizitako egunetako bati buruzko proposamena da. Magallanesek jasotako benetako aginduen, pilotuen, bidaiarien eta marinelen testigantzen bidez, eta XVI. mendeko nabigazio-eskuliburuetan oinarrituz, bidaiarik luzeena eta Elkanok eta bere gizonek bizitako esperientzia berreraikitzen dira. Nabigazioari buruzko testigantzez gain, Euskal Itsas Museoak XVII. mendean euskaraz idatzitako beste eduki literario batzuk gehitu ditu.

Erakusketa 2022ko urtarrilaren 9a bitartean izango da ikusgai; doako sarrera du.