Lorea Iribar garaile izan da pala egokituko Gipuzkoako Txapelketan

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 26a, 16:30

Xabier Olaziregi-Lander Ortega eta Lorea Iribar-Leire Esnal. (Maria Maya Manterola)

Teniseko paleta modalitateko finalak jokatu dituzte Zumaian, eta zarauztarrak Leire Esnal zumaiarrarekin lortu du txapela. Haritz Lertxundik, aldiz, ezin izan du garaipena erdietsi.

Hasitako leku berean amaitu da pala egokituko Gipuzkoako binakako txapelketa. Zumaiako Aitzuri pilotalekuak hartu du gaur hirugarren eta azken jardunaldia, eta bertan erabaki dira aurtengo txapeldunak. Adimen urritasuna duten pertsonek teniseko paleta modalitateko finalak jokatu dituzte bi multzotan; tartean, eskualdeko lau kirolarik. Lorea Iribar zarauztarrak Leire Esnal zumaiarrarekin osatu du bikoa, eta lehia estuaren ondoren, 25 eta 20 irabazi dute Xabier Olaziregi zumaiarraren eta Lander Ortegaren aurka. 

Modalitate bereko bigarren multzoan aritu da Haritz Lertxundi zarauztarra. Eneko Sagarmendirekin osatu du bikotea, eta erakustaldi ederra eman duten arren, ezin izan dituzte Iraitz Huegun eta Xabier Arizkorreta mendean hartu. Hiru tantoren aldearekin irabazi dute Huegunek eta Arizkorretak, 25-22ko emaitzarekin. 

Gurpildun aulkian dauden pertsonek, bestalde, gomazko paleta modalitateko finala jokatu dute. Beñat Lizasok eta Manu Quesadak 25 eta 20 irabazi dute partida Hilario Olano eta Mikel Merinoren aurka.

Txapelketaren hasieran ez bezala, partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan da, eta ikusleek berotasunez hartu dituzte kirolariak.