Bederatzigarrenak izan dira Zarautz-Gesalaga-Okelaneko neskak Pasaian

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 27a, 14:30
Zarautz-Gesalaga-Okelan neskak Pasaian.

Gizonezkoen bigarren ontziak zazpigarren postuan bukatu du gaurkoan KAE 2 mailako bigarren jardunaldian, Elantxoben. Beraien txandan haiea sartu da, eta horrek asko balditzatu du beraien estropada.

Pasai Donibanen jokatu dituzte gaur ETE eta KAE ligetako hirugarren jardunaldiak. ETE ligari dagokionez, Zarautz-Gesalaga-Okelaneko neskek aurkari zuzena topatu dute Lutxana ontziarengan, zortzigarren eta bederatzigarren postuaren arteko lehian. Aurreko igandean Getarian gertatu zen bezala, gaur Lutxanak hartu dio aurrea Zarautzi. Edonola ere, ez dira txanda berean lehiatu: zarauztarrak Lapurdirekin eta Castrorekin batera neurtu dituzte indarrak, eta beste behin beraien arraunketa puntu bat gorago dagoela erakutsi dute, txandako lehenak sailkatuz.

Izaro Arregi arraunlariak azaldu duenez, hasieran tartea irekitzea kostatu egin zaiela, baina bigarren ziabogatik aurrera, haizearen aurka lan ona egin dutela adierazi du. "Hemendik aurrera hobetzeko gogoz gaude, eta pixkanaka-pixkanaka pauso handiak eman eta emaitza hobeak lortzeko asmoarekin", gaineratu du.

Tolosaldeak egin du denborarik onena gaurkoan, eta sailkapen orokorrean ere buru jarri da, bigarren kokatu de Deustorengandik puntu batera. Zarautz-Gesalaga-Okelan bederatzigarrena da 10 punturekin, eta Lutxana puntu bat gutxiago du.

Hemen ikusgai gaurko denborak:

1. Tolosaldea 11:02.47
2. Deusto Bilbao 11:06.97
3. Hibaika 11:10.34
4. San Juan 11:16.73
5. Zumaia 11:21.64
6. Isuntza 11:02.11
7. Ondarroa 11:39.30
8. Lutxana 11:54.75
9. Zarautz 11:56.28
10. Lapurdi 12:05.76
11. Castro 12:09.97

Gizonezkoen bigarren taldea apal, haizearen eraginez

KAE 2 ligako taldeek ere jardunaldia izan dute eguerdian, Elantxoben. Zarautz Arraun Elkartearen gizonezkoen bigarren ontziak bertan hartu du parte, Elantxobeko XXXIII. Traineru Estropadan, eta zazpigarren postuan bukatu du sailkapen orokorrean. Lehen jardunaldiko emaitzarekin alderatuta, gaurkoa apalagoa izan da. Kontuan izan behar da hirugarren txandan aritu dela nor baino nor Hondarribia, Donostiarra eta Portugaleterekin batera, eta beraiei arraun egitea tokatu zaienean, haizea zakar sartu dela. Horrek asko baldintzatu die beraien lanean. Emaitza nahi bezain ona izan ez arren, sentsazioak ez direla guztiz txarrak izan adierazi dute zarauztarrek. Une honetan,  seigarren postuan kokatu da sailkapen orokorrean, 11 punturekin; Portugalete da lider, 17 punturekin.