Bisita gidatuak antolatu dituzte uda honetan ere biopora eta Zingira basora

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 28a, 15:30
Udako bisita gidatuen aurkezpenean, Gloria Vazquez eta Diego Mendoza. (Zarauzko Udala)

Uztailaren 2an hasi eta iraileko lehen ostirala bitartean, astero-astero egingo dira irteerak modu txandakatuan. Izena aurrez eman beharko da Turismo Bulegoan.

Uda honetan ere Iñurritzako biotopora eta Zingira basora bisita gidatuak antolatuko ditu udalak, herriko gune berdeak ezagutzera emateko asmoarekin. Duela bost urte ekin zion egitasmoari, Deba Natura enpresaren eskutik, eta ostiral arratsaldetan eskaintzen dituzte bisitak. Antolatzaileek adierazi dutenez, "oso harrera ona" izan ohi du, uda bakoitzean 150 pertsona inguru bilduz.

Irteera hauetara gerturatzen den jendea zarauztarra eta inguruko herrietako dela azaldu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak: “Pozgarria da zarauztarrek gure herriko naturguneekiko daukaten interesa ikustea, eta honek ekintza hauekin jarraitzeko indarra ematen digu”.

Iñurritzako biotopoa errefentziazko naturgunea dela azpimarratu du Deba Naturako kide Diego Mendozak: "Tamainaz txikia izan arren, biltzen duen bioaniztasunagatik, bisita gidatuak egiteko leku aproposa da". Bestalde, Zingira basoaren altxorrik handiena bere artelatz basoa dela zehaztu du: "Euskal Herriko artelatz basorik handiena osatzen du”.

Ostiral honetatik aurrera

Iñurritzako biotopora izango da udaldiko lehen bisita, ostiral honetan, uztailaren 2an, 18:00etan, Borghettotik abiatuta.  Bi orduko iraungo du, eta Aranzadirekin batera argitaraturiko liburuxka bat banatuko zaie bisitariei, dunetako landaredia aztertzen lagunduko dietena. Biotopoko hegaztien behaketa ere egingo dute.

Hurrengo ostiralean, uztailaren 9an, Zingira basoaren txanda iritsiko da. Bigarren ibilbide honen iraupena bi ordu eta erdikoa izango da eta basoaren biodibertsitatearen inguruko informazioa laburtzen duen esku orria jasoko dute bisitariek.

Ondoren, bi irteerak txandakatzen joango dira astero-astero irailaren lehengo ostiralera arte. Bi bisitak gehienez  ere 20 pertsetara mugatuta egongo dira eta, beharrezkoa izango balitz, bi talde osatuko lituzkete, bata euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa. Irteeretan parte hartu ahal izateko Zarauzko Turismo Bulegoan eman behar da izena, 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zarautz.eus posta elektronikora idatzita.