Izena eman daiteke Emakumezkoen 13. Pala Txapelketa Herrikoian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 29a, 11:03

Uztailaren 12an hasiko da txapelketa, eta 25ean jokatuko da finala. Aurtengoan Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan izango dira partidak.

Aurten ere ezingo da pala txapelketa herrikoia Frontoi Txikin antolatu, osasun egoera tarteko; horren ordez, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan izango dira partidak. Datorren astelehena, hilaren 5a, izango da Emakumezkoen 13. Pala Txapelketa Herrikoian izena emateko azken eguna. Uztaileko bigarren hamabostaldian jokatuko dira binakako partidak; zehazki, uztailaren 12an, 14an, 19an, 21ean eta 23an. Final handia, berriz, hilaren 25ean izango da. 

Antolatzaileek azpimarratu dute partehartzea herrikoia izango dela, eta tenis modalitateko pilotarekin jokatuko direla partidak. Horrez gain, zehaztu dute partidak 30 tantora izango direla, eta txapelketan gehienez ere hamabi bikotek hartu ahalko dutela parte.

Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko ondorengo telefono zenbakietara deitu daiteke: 943-83 14 63 edo 670 89 03 05 (Maite).