Hainbat aldaketa izango dira Aritzbatalde kiroldegiaren erabileran aste honetatik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 29a, 12:02

Zerbitzuak erabiltzeko erreserba egitea ezinbestekoa izango da, baina txanda osoan zehar sartzeko aukera egongo da. Bestetik, udalak gogorarazi du hainbat ikastarotan izena eman daitekeela oraindik.

 

Uda sasoirako egokitu egin dituzte Aritzbatalde kiroldegiko zerbitzu eta ikastaroak, "egungo errealitateari erantzun eta kirolaz modu seguruan gozatzen jarraitzeko". Leire Aranak uste du kiroldegia "gune segurua" dela ikusi dela urtean zehar, eta azaldudu hainbat berrikuntza egingo dituztela zerbitzuetan.

Tornoen erabilera

Instalakuntzak erabiltzeko erreserba egitea oraindik ezinbestekoa izango da, baina txanda osoan zehar sartzeko aukera egongo da. Horretarako, tornoak martxan daude atzotik eta, beraz, ate nagusitik sartu beharko da.  Erreserba astebete lehenagotik egin daiteke eta bi ordu lehenagora murriztu dute ezeztatzeko epemuga. Ikusi hemen zerbitzuen erreserba txandak

Asteburu arratsaldeetan itxita

Kiroldegian erabiltzaile gehien eta gutxien noiz ibiltzen diren jakin ahal izan da orain arteko erreserba sistemari esker, eta hori dela medio, atzotik irailaren 14ra arte, asteburuetan arratsaldez itxita egongo da kiroldegia. Udako egutegia zehatzago ikus daiteke hemen.

Udako ikastaroak

Udako ikastaroetan plaza libreak badira izena eman nahi duenarentzat: haur igeriketa, gaztefit 2. txandan (10:00-11:00 lanegunetan), pilates (09:00 astelehen-asteazken-ostiral), total training A (12:00 astearte-ostegun), total training E (20:00 astelehen-asteazken), total training F (20:00 astearte-ostegun), spinning  (06:45 astearte-asteazken-ostiral), spintonif (09:30 astearte-ostegun), eta helduen igeriketa (08:15 astearte-ostegun). Izen-ematea kiroldegiko harreran edo online egin daiteke, lotura honetan.

Informazio gehiagorako, Aritzbatalde Kiroldegiko harrerara gerturatu, kirola@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edo 943-00 51 23 telefonora deitu daiteke.