Itsasoa ezagutu ala arriskua bizi

Ane Insausti Barandiaran / Berria 2021ko eka. 29a, 15:30

Itsasoari buruz nahikoa informazio ez izatearen ondorioz, behar ez den lekuetan uretara sartu, eta ezustekoak izaten dituzte hainbat pertsonak hondartzetan. Sorosleek bezala, inguruan dauden surflariek lagundu ohi diete sarri arriskutik ateratzen. Zarauzko hondartzan halako kasu ugari izaten dira, eta  bertako surflari eta sorosleekin hitz eginda osatu du erreportajea Ane Insausti 'Berria'-ko kazetariak.

Beroaren ondorioz arnastea ere kostatzen den egun horietako bat. Hondartzara joan, eta jendez bete-bete eginda dago; bandera horien gunea metro gutxi batzuetakoa da. Alboan, bandera gorriko gunea, ordea, hutsik dago; bertan, badago olaturik gabeko gune bat. Segurua dirudi. Hara sartu, eta konturatzerako, ur-laster batek hogei metro barrura eraman du bainularia. Ondoan daude surflariak, eta berehala joan dira hura laguntzera. Sorosleak ere atzetik doaz, eta elkarrekin lan egin dute, bainulariari laguntzeko.

Halako esperientziak «etengabe» izaten dituztela dio Iulen Elkoro Zarauzko (Gipuzkoa) Moor surf eskolako irakasleak: «Bizitza guztian izan da hala; nik txiki-txikitatik hau horrela ezagutu dut», dio. 8 urte zituenetik dabil surfean, eta surf eskola berak sortu zuen. «Bandera horiaren ertzean egoten garenez, lehenengo sorosleak gu gara; jende pila bat sorosten dugu, surfean edo irakasten ari garenean».

Horrelakoak gertatzearen atzean dagoen arrazoia da jendeak —batez ere kostaldean bizi ez denak— ez duela itsasoa ondo ezagutzen, Xabier Aranburu Axi Muniain surf eskolako irakaslearen arabera: «Itsasoan ibiltzen den jendeak, normalean, jakiten du itsasoan era seguru batean ibiltzeko beste. Hondartzara udan bakarrik etortzen direnek, ordea, oro har, ez dute ulertzen itsasoaren dinamika».

Eta ez soilik itsasoarena: ezta sorosleek emandako informazioarena ere. Asier Nietok zortzi urte daramatza Zarautzen sorosle, eta sorosle arduradun ere izan da bost urtez: «Jendeak, batetik, ez daki itsasoa irakurtzen; eta, bestetik, normalean, edo ez ditu seinaleak ikusten, edo ez ditu ulertzen. Kasu gutxi egiten diete. Askotan galdetzen digute, batez ere Euskal Herritik kanpokoek: 'Aizue, bandera horiek zer dira?'».

Surflariek diote antzeman egiten dutela norbaiti zerbait gertatu aurretik, eta adi daudela etengabe: «Askotan gertatu izan zaigu klase bat ematen egon eta ikustea bi pertsona bandera gorriko eremura sartzen. Gure artean komentatzen dugu: 'Baietz hemendik hamar minutura bi horiek itsaso barruan ezin atera egon'... Eta asmatu», azaldu du Aranburuk.

Sorosleek prebentzio lana egiten dutela azaldu du Nietok: «Guk kanpotik egiten dugun lehen lana prebentzio lana da: bainurako eremua ezartzen dugu, ur ertzean egoten gara jendeari eremu gorrietan ez bainatzeko eskatzen, edanda ikusten baditugu dutxara joateko aholkatzen...». Baina, halere, ezustekoak gertatzen dira, bai ezjakintasunagatik, eta baita sorosleen ordutegitik kanpo ibiltzeagatik ere.

Hezkuntzaren garrantzia

Elkorok garbi dauka nolako garrantzia daukan hezkuntzak arriskua saihesteko orduan, eta horregatik dio Moor surf eskolan itsasoaz gozatzea bezainbeste dutela jomugan itsasoaz irakastea: «Surf eskolek surfa egiten irakasten dugu, bai, baina, batez ere, itsasoa ezagutzen eta bertan segurtasunez ibiltzen irakasten dugu». Ez du begirale hitza gustuko: beraiek irakasleak direla dio.

Hondartzak ez direla lauak erakusten diete ikasleei, lehenik. Hondarrezko mendiak daudela azaltzen diete, batetik, eta horietan apurtzen direla olatuak. Bestetik, errekatxoak egon ohi direla, eta horietan ur-lasterrak egoten direla, zuloak, olatuek ekarritako urak itsasora itzultzeko. «Laburbilduz, olatuak dauden egun batean, olaturik ez dagoen gunea arriskutsua da, gune horretan zuloa dagoelako, eta, beraz, ur-lasterra dagoelako», dio Elkorok.

Jarraitu irakurtzen erreportajea Berriaren atari digitalean.