Irakatsi saria eman diote Udaberri Jubilatuen Elkarteari

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 29a, 16:55
Eneko Goia Donostiako alkateak (eskuinean) eman die saria Udaberri Jubilatuen Elkarteko kideei. (Utzitakoa)

Euskofederpen federazioak Zarauzko elkartea saritu du Udaberri jubilatuen elkartea etengabeko egokitze prozesuaz erantzun nahian proiektuagatik.

Pandemia garaian Gizarte Zentroek abian jarritako ekintzak ezagutzera eman eta saritzeko helburuarekin banatu dituzte gaur Irakatsi sariak, Donostiako udaletxeko batzar aretoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat elkarte batzen dituen Euskofederpen federazioak antolatu ditu eta, denera, hamabost proiektu aurkeztu dira sarietara. Santi Larburu federazioko lehendakariak sari banaketan adierazi du "arrakastatsua" iruditu zaiela lehen edizio hau.

Irakatsi sari nagusia Udaberri Zarauzko jubilatuen elkarteari eman diote, zehazki, Udaberri jubilatuen elkartea etengabeko egokitze prozesuaz erantzun nahian proiektuagatik. Hain justu, Udaberriren egoitzan baldintza normaletan eskaini ohi ziren zerbitzu asko eskaini ahal izan dira proiektu horri esker, udalarekin elkarlanean eta COVID-19aren ondorioz hartu beharreko neurri guztiak hartuta. Euskarri digitalak garrantzitsuak izan dira azken hilabeteetan, eta hori baliatuta, online ekintza asko antolatu ditu proiektu horren barruan Udaberrik. "COVID-19ak eragindako zailtasunetara egokitutako proiektu dinamikoa da", azaldu dute antolatzaileek.

Gasteizko Landazuri adinekoen zentro soziokulturala ere saritu dute gaur goizean, irakurketa sustatzeko programa batengatik, baita Ispasterko (Bizkaia) Bihotzen Sarea programa ere.

Sari banaketaren antolatzaileek azaldu dute Gizarte Zentroek pandemia garaian "bizikidetzara, bizipenak trukatzera eta elkarri laguntzera" bideratutako ekintzak abiarazi dituztela, eta horiei egin dietela aitortza Irakatsi sariekin.