Inma Saenz de Santamaria: «Federazioaren aitortza hau denoi ematen diguten saria da»

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 30a, 09:00
Inma Saenz de Santamaria federazioak emandako dominarekin. (Aritz Mutiozabal)

Espainiako Eskubaloi Federazioak emandako brontzezko domina eta intsignia jaso ditu Zarauzko Eskubaloiko zuzendaritzako kide Inma Saenz de Santamariak, urteotan egindako lan eskergagatik.

Pixka bat ezustean jaso al zenuen aitortzaren berria?

Egia esan, Euskadiko Eskubaloi Federazioak Espainiakoari eginiko aitortza proposamena izan zen, zuzendaritza arlokoa, eta deitu nindutenean sekulako ezustekoa jaso nuen. Gainera,  momentu egokian datorrela uste dut, denboraldi hau izango baita azkena Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi ataleko zuzendaritzako kide edo presidente gisa egingo dudana. Beraz, guztia batera etorri da.

Zirkulua ixteko modu egokia izan da, orduan.

Hala da, bai. Eskubaloi atalaren gidaritzan 15-16 urte egin eta gero, aurten uztea erabaki dugu zuzendaritzan geundenok, eta gure lekukoa hartuko duen taldetxo bat aurkeztu da. Beraz, orain une garrantzitsua iristen da. Izan ere, nire bizitzako etapa luze bat atzean utziko dut, eta inportantea, era berean, horrek suposatzen duen onarpenagatik.

Hunkitu egiten al zaitu?

Zalantzarik gabe. Gehien hunkitzen ninduena da, ordea, Espainiako Federazioaren ekitaldian, jendeak zoriondu egin ninduela Zarautzi buruz oroitzapen onak dituelako. Nik uste dut horrekin geratu behar dudala. Urte hauetan guztietan Zarauztik igaro izan diren epaileak eta eskubaloiko jendea oroitzapen onarekin geratu dira, itzultzeko gogoz. Garrantzitsuena hori dela esango nuke. Azkenean, federazioak ematen duena domina bat besterik ez da, baina jendeak maitasun handiz gogoratzen gaituela jakiteak balio du gehiena niretzako.

Ongi egindako lanaren fruitua izango da hori, ezta?

Ez dakit ongi egindako lana izan den, hori oso erlatiboa baita. Niretzat gertutasuna da faktore garrantzitsuenetako bat. Azkenean, jendea gertuko edo etxeko sentitzeak ez du preziorik; horrek ikaragarri balio du. Hori izan da urte hauetan guztietan lortu nahi izan duguna, eta nik uste dut lortu dugula.

Beti esan da Zarauzko Eskubaloia familia handi bat dela. Bereizgarri hori duela, alegia.

Bai, bai. Nolabait ere, aitortza hau niri egiten badidate ere, jende asko dago hor atzean. Niri egin didaten aitortzak adierazten du egunero jende ugarik egiten duela lan Zarauzko eskubaloiaren alde; tartean, baita nire familiak ere, beti egon baita ni babesten. Entrenatzaileak, jokalariak, delegatuak... isilpeko lan handia egin dutenak dira, eta haiek ahalbidetu dute zuzendaritzako buru egon naizen urte hauetan gauzak ongi ateratzea. 

Duela 15-16 urte lau emakumek zuzendaritzari heldu genionean –aipatzeko modukoa dena, bide batez–, aurretik zeudenak urte asko zeramatzaten eta oso nekatuta zeuden. Orduan, lau emakume iritsi ginen, eta ZKEko atalik garrantzitsuenetako baten gidaritza hartu genuen, eta eskubaloiko hamahiru talde aurrera ateratzeko gai izan ginen. Aurtengo denboraldia ezohikoa izan da, baina iaz eskubaloiko 31 talde izan genituen lehian. Beraz, ibilbide luzea eta oparoa izan da, baina nire ondoan egon diren pertsona horiek guztiak gabe ezinezkoa izango zatekeen. 

Azkenean, aitortza hau guztioi ematen diguten saria da; maitasun handiko esfortzuaren saria, merezi duenaren alde borroka egin dugulako, lan egin dugulako eta horretan jarraitu beharko litzatekeelako. 

15-16 urte hauetan lorpen handiak bizi izan dituzu, gainera.

Hala da, bai. Emakumezkoak  Ohorezko Mailara igo ziren, gizonezkoak Nazional Mailara igo ziren eta Asobal ligara igotzeko azken fasea ere jokatu zuten, jubenil gizonezkoen Espainiako Txapelketako finala, jubenil neskak txapeldunorde... Mugarri garrantzitsu asko egon dira urte hauetan, eta uste dut gutxi gorabehera dinamika horri eutsi diogula, betiere lanean eta lorpen handiak geureganatuz. Baina, tira, hori guztia jokalariek eta entrenatzaileek lortzen dute, eta bide horretan guk gauzak erraztu besterik ez dizkiegu egiten.

Azken urtea izanda, nola bukatu nahiko zenuke?

Nik orain bukatuko dut! Egia esan, COVIDa dela-eta oso urte gogorra izan da, baina, azkenean, ongi bukatu dugu. Emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeek maila mantentzea lortu dute, eta jubenil nahiz kadete mailakoek sektoreko fasea jokatu ahal izan dute. Gizonezkoen bigarren taldea Lehen Maila Nazionalera igotzeko borrokan aritu da, eta ia-ia lortu du. Hori sekulakoa izango zatekeen. Gainerakoan, bakardade urtea izan da: Zarautzek ezaugarri bat baldin badu, bere zaletuen berotasuna da. Alde horretatik, arraroa izan da. Baina, oro har, urte ona izan da, eta orain beste batzuei dagokie bidea egitea. Guk zikloa amaituko dugu.