Txarteltxo gorriak eta berdeak banatuko dituzte aste honetan herriko ostalaritzan

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 29a, 19:00
Ostalaritzako txarteltxo berdea eta gorria. (Zarauzko Udala)

Zurekin ostalari elkartearekin elkarlanean, 500 ale atera ditu udalak. Segurtasun neurriak betetzen jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta egoerak hobera egin duen.

Zarauzko ostalaritza orain bezain segurua izaten jarrai dadin nahi udalak uda sasoian, eta, horretarako, herriko taberna eta jatetxeekin elkarlanean ari da. Azkenaldian COVID19aren pandemiaren bilakaerak onera egin duen arren, osasun neurriak errespetatzen eta neurriak hartzen jarraitzea beharrezkoa dela nabarmendu du udalak, hala nola pertsonen arteko distantzia, maskaren erabilera eta desinfekzioa.

Hori horrela, Zurekin Ostalaritza Elkartearekin lankidetzan, txarteltxo berde eta gorriak banatuko ditu herriko jatetxe eta tabernetan, bertako mahaiak garbiak eta desinfektatuak edota oraindik garbitzeko dauden adierazteko. Txarteltxo berdeak mahaia garbia eta desinfektatua dagoela adierazten du eta jada bertan eseri daitezkeela erabiltzaileak. Gorriak, berriz, oraindik zerbitzaria ez dela pasa mahaia garbitzera eta ezin dela mahai horretan eseri garbiketa egin arte.

Guztira, 500 txartel banatuko dituzte aste honetan eskaera egiten duten herriko taberna eta jatetxeetan. Era beean, Ongi etorri euskararen herrira ekimeneko euskarriak ere banatuko dituzte hala eskatu duten establezimendu parte hartzaileetan.