Azken astean nabarmen egin du gora Zarauzko intzidentzia tasak

Julene Frantzesen-Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 2a, 13:45

Azken astean denera 28 positibo zenbatu dituzte Zarautzen, eta horrek eragin du intzidentzia tasaren igoera. Eremu horian dago herria, zorionez, eremu laranjatik urrun. Hego Euskal Herrian ere nabarmen egin du gora positiboen kopuruak, baina ospitaleetako egoerak ez du okerrera egin.

Intzidentzia tasaren beheranzko joera eten egin da aste honetan. Hilaren 25ean adierazle hori 25,70ekoa zen eta gaur, astebete beranduago, 141,35ekoa da intzidentzia tasa. Azken astean, denera, 28 kasu positibo zenbatu dituzte Zarautzen, eta horrek eragin du gorakada nabarmen hori. Eremu horian dago herria, zorionez, oraindik eremu laranjatik urrun.

Eskualdeari dagokionez, herenegun baino kasu positibo gutxiago atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo Urola Kostan: orotara, bederatzi –herenegun hamasei–. Horietatik lau Zarautzen detektatu zituen, hiru Azpeitian eta bana Azkoitian nahiz Zumaian. Intzidentzia tasa altuena Zumaiak dauka, eta eremu gorrian dago herria; gaur-gaurkoz, 498,63 da tasa. Gainerako, herrietan apalagoa da, baina Azpeitia, Zarautz bezala, eremu horian dago 203,68ko tasarekin.

Eskualdeko datuak apalak badira ere, Hego Euskal Herriko positibo kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, atzo 519 kasu zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Egunez egun ari da gora egiten zenbatekoa: 366 positibo detektatu zituzten asteartean, eta 458 asteazkenean. Igoera horri lotuta, aipatzekoak dira Gipuzkoako zenbait herritan (Hernanin kasu) eta Nafarroan izan den positibo kopuruak.

Atzo 6.628 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietan 406k eman zuten positibo: 45ek Araban, 178k Bizkaian, 170ek Gipuzkoan, eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste hamahiru lagunek ere bai. Beraz, %6,1 da positibotasun tasa. Gaur egun hiru lurralde horietako 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 132,65 da. Nafarroan, berriz, 1.550 proba gauzatu eta 113 positibo atzeman zituzten atzokoan; proba egin zuten herritarren %7,3k eman zuten positibo.

Positiboen kopuruak gora nabarmen egin badu ere, ospitaleetako egoera ez da aldatu. Izan ere, positibo eman duten herritarren ehuneko handi bat 18 eta 40 urte bitartekoa da. Osakidetzak emandako datuen arabera, 63 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19a tarteko, eta horietatik 33 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–. Atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten.