Hamargarren sailkatu dira zarauztarrak Eusko Label ligako lehen lehian

Mireia Galarza Bastida 2021ko uzt. 3a, 20:13

Taldeak 21:11;82ko denboran helmugaratzea lortu du, eta Tiran eta Lekittarraren aurretik geratu da sailkapen orokorrean. Hondarribiak lortu du lehen postua, 20:16;56ko denbora lortuta.

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, IV. Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldiarekin, eta hamargarren postuan amaitu dute zarautarrek. Bihar jokatuko dute leku berean bigarren estropada, eta lortutako denboren arabera erabakiko da nork eskuratuko duen bandera.

Eusko Label ligari dagokionez, hirugarren txandan atera da Zarautz. Enbatakoek oso ondo hasi dute lehia, lehenengo postuan joan baitira euren txandan lehen minutuetan. Hala ere, nekearen pisua nabaritu dute gero, eta pixkanaka-pixkanaka atzean gelditu dira. 21:11;82ko denbora lortuta, hamargarren sailkatu dira Enbatako mutilak, Tiran eta Lekittarraren aurretik. 

Hondarribia sailkatu da lehenen 20:16;56ko denborarekin, Santurtzi bigarren, 20:30;72ko denbora lortuta, eta Zierbena hirugarren, 20:40;62ko denboran helmugaratu ondoren.