Igor Gurutxarri: "Uste dut oso duin egin dugula arraunean, emaitzan hainbeste nabaritu ez arren"

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 4a, 10:23

Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariak Eusko Label ligako aurreneko estropadaren balorazioa egin dio Coruñatik ZARAUZKO HITZAri. Gaur da bigarren jardunaldia,12:00etan, eta zarauztarren lehenengo txandan jokatuko dute, Urdaibai, Lekittarra eta Tiranekin batera. Bigarren kalean izango dira Enbatakoak.

"Estropadari hasiera ona" eman ziotela uste du Igor Gurutxarri Zarautz-Gesalaga-Okelan taldeko arraunlariak, atzo Eusko Label ligako lehen jardunaldiari buruz balorazioa eskatuta. "Azken asteetan sentsazio onekin gentozen, entrenamenduan ere bai, eta hala hasi dugu, irteera ona eginda", azaldu du.

Bi luze oso ondo egin ondoren, "asko behartu" ziren, eta hirugarren luzean indar falta sumatu zutela azaldu du. "Dena den, uste dut oso duin jarraitu genuela arraunean, eta emaitzan hainbeste nabaritu ez den arren, uste dut pozik egoteko moduan gaudela eta igandean eta hortik aurrera dena gora egingo dugula".

Lehen jardunaldiaren kronika

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera atzo arratsaldean eman zieten Galiziako uretan, IV. Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldiarekin, eta hamargarren postuan amaitu zuten zarauztarrek. Gaur jokatuko dute leku berean bigarren estropada, eta lortutako denboren arabera erabakiko da nork eskuratuko duen bandera.

Hirugarren txandan atera zen Zarautz. Enbatakoek oso ondo hasi zuten lehia, lehenengo postuan joan baitziren euren txandan lehen minutuetan. Hala ere, nekearen pisua nabaritu zuten gero, eta pixkanaka-pixkanaka atzean gelditu ziren. 21:11;82ko denbora lortuta, hamargarren sailkatu ziren Enbatako mutilak, Tiran eta Lekittarraren aurretik. 

Hondarribia sailkatu zen lehenen 20:16;56ko denborarekin, Santurtzi bigarren, 20:30;72ko denbora lortuta, eta Zierbena hirugarren, 20:40;62ko denboran helmugaratu ondoren.