Zortzigarren eta bederatzigarren postuetan amaitu dituzte estropadak gaur ZAEko neska-mutilek

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 4a, 17:03
Enbatako neskak, atzo, Donibane Lohizuneko estropadan (Argazkia: ZAE)

ETE ligako bosgarren jardunaldia goizean Sestaon jokatu da, eta Eusko Label ligako bigarrena, berriz, Coruñan, eguerdian. Sailkapenean atzo baino gorago amaitu dituzte estropadak Zarautz-Gesalaga-Okelaneko bi taldeek, atzo hamargarren egin baitzuten biek.

ZAEko arraunlariek bukatu dituzte asteburu honetako lanak. Sestaon lehiatu dira emakumezkoak goizean ETE ligan, eta eguerdian Coruñan gizonezkoak, Eusko Label ligan. Bosgarren jardunaldia zuten emakumeek, bigarrena, berriz, gizonek. Eta atzo baino emaitza hobeak lortu dituzte biek ala biek.

Gaurko sailkapenean, behintzat, gorago gelditu dira; zortzigarren gizonezkoak eta bederatzigarren emakumezkoak. Atzo hamargarren egin zuten biek. 

Eusko Label ligako taldeari dagokionez, aurreneko txandan jokatu dute zarauztarrek, bigarren kaletik irtenda, Urdaibai, Lekittarra eta Tiranekin batera. Lan ona egin duten arren, hirugarren helmugaratu dira txanda horretan. Urdaibaik irabazi du estropada, gainera, sekulako estropada eta denbora eginda (20:39,18). 23 segundora helmugaratu da Zarautz-Gesalaga-Okelan, 21:02,40 denbora eginda.

SAILKAPEN OROKORRA

1. SANTURTZI TRANSPORTES Y GRUAS AGUADO 22
2. ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA 19
3. DONOSTIARRA AMENABAR 17
4. BERMEO URDAIBAI AVIA 16
5. ORIO ORIALKI 16
6. GO FIT HONDARRIBIA 15
7. CLUB DE REMO DE ARES 12
8. ONDARROA CIKAUTXO 9
9. CR CABO DA CRUZ 9
10. ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN 8
11. LEKITTARRA ELECNOR 7
12. SD TIRÁN PEREIRA 6

Postu bat gorago emakumezkoak gaur Sestaon

Esan bezala, ETE ligako taldea ere atzo baino finago ibili da, eta bederatzigarren egin du Bizkaian jokatu duten estropadan. Aurreneko txandan lehiatu da, Lapurdirekin eta Castrorekin, eta erraz nagusitu dira Zarautz-Gesalaga-Okelanekoak 11:22,52 denbora eginda (Castrok 11:34,78 egin du, eta Lapurdik 11:42,95).

Beste txandetan bizkorragoak izan dira, eta estropada Tolosaldeak irabazi du gaur ere, 10:40,73 denbora eginda. Deusto izan da bigarrena, Hibaika hirugarrena, eta Zumaia laugarren.

Hurrengo astean Donostian eta Lekeition jokatuko dituzte estropadak.

SAILKAPEN OROKORRA

1. TOLOSALDEA A.K. 54
2. DEUSTO-TECUNI-BILBAO 49
3. HIBAIKA JAMONES ANCIN 45
4. DELTECO ZUMAIA 38
5. SAN JUAN-IGARTZA 37
6. ONDARROA-CIKAUTXO 31
7. ISUNTZA-ELECNOR 26
8. LUTXANA A.E. 19
9. ZARAUTZ-GESALAGA-OKELAN 15
10. LAPURDI 10
11. CASTRO CANTERAS DE SANTULLAN 6