Begotxu Olaizolari babesa adierazi diote EAko kritikoek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 5a, 10:39

Zigortzeko prozedura zabaldu dio Eusko Alkartasunak Begotxu Olaizola Zarauzko zinegotziari, alderdiko kritikoen bozeramaile izateagatik. Hainbat alderdikidek, tartean Karlos Garaikoetxeak, babesa adierazi diote Olaizolari.

Eusko Alkartasunako hainbat kidek salatu dutenez, alderdiko zuzendaritzak zigortzeko prozedura zabaldu dio Begotxu Olaizola Zarauzko zinegotziari, EAko kritikoen bozeramaile izateagatik. Hori dela eta, atzo hainbat alderdikide bildu ziren Donostian, Olaizolari babesa adierazteko.

Izan ere, maiatzean egin zuten batzar batean kongresu nazionala eskatu zuten EAko kideek, alderdiak EH Bildun jokatzen duen papera aztertzeko. Batzar horretan Olaizola izan zen eledun, eta horregatik zabaldu diote zarauztarrari zigortzeko prozedura.

Olaizolak berak ekitaldian azaldu zuenez, zigortzeko prozedura zabaldu diote maiatzeko ekitaldiaren berri ez ziotelako eman zuzendaritzari. Den den, zinegotziak uste du hori "aitzakia" dela, eta "ehunka alderdikideren ahotsa isildu" nahi dutela salatu zuen. Beste hainbat alderdikideren artean, Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiak ere adierazi dio babesa Olaizolari, eta haren aurkako edozein prozesutan bere burua erruduntzat joko duela adierazi du.

Aitor Letamendia EAko kideak salatu zituen atzo Eba Blanco idazkari nagusiaren alderdiko ildo ofizialak kritikoen aurka erabilitako "mehatxuak eta kanporatzeko helburua duten zigor espedienteak". Azaldu zuenez, "Eusko Alkartasuna EH Bildun disolbatzeko helburua inposatu" nahi dute. Gainera, Olaizolaren arabera, hilabete batez gindituta dago zuzendaritza berritzeko epea; alderdiaren estatutuek adierazten dutenez, lau urtetik behin egin behar da hori.

Auzia epaitegietan

2019an idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco bera eta Maiorga Ramirez. Azken horrek aurreko biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina estatutuen arabera lurraldeko gutxieneko kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea, baldintzak ez zituela bete argudiatuta. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen, eta Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Hala ere, berme batzordeak erabakia bertan behera utzi zuen, eta izendapena eten zuen. Horregatik, auzitara jo zuen Blancok, eta azaroan, kautelazko neurri gisa, epaitegiak erabaki zuen haren izendapena etetea.

2020ko ekainean, epaiketa egin zuten, eta, uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide