Zarauzko Udalak "positiboki" baloratu du Kalerki jaialdiaren azken edizioa

Mireia Galarza Bastida 2021ko uzt. 5a, 14:00

Agurtzane Aizpuru Zarauzko Udaleko kultura teknikaria "pozik eta gustura" agertu da jendearen harrerarekin, "feedback ona" jaso baitute ikusleen aldetik. Aizpuruk dioenez, gainera, pandemiak "erabat" baldintzatu du jaialdia, eta horrek funtzioen formatuan eta antolaketan eragin du.

Atzo amaitu zen 2021eko Kalerki jaialdia, Cia Moveo konpainiaren Echoes lanarekin. Eguraldia aldeko izan zuen talde kataluniarrak, eta Munoa bete zuen. Antzerkia eta dantza uztartuta, modu ironiko eta ludikoan aztertu zituzten gizabanakoek taldeko kide izatearen eta existitzearen artean dituzten harremanak.

Antzerkiak amaituta, Agurtzane Aizpuru Zarauzko Udaleko kultura teknikariak "balorazio oso positiboa" egin du aurtengo edizioaren bueltan. Aizpuruak dioenez, pandemiak "erabat" baldintzatu du jaialdia, eta horrek funtzioen formatuan eta antolaketan eragin du. "Eremuak itxi behar izan ditugu, eta atentzio berezia jarri jende pilaketetan", dio. 

Dena den, "pozik eta gustura" daude jendearen harrerarekin, "feedback ona" jaso baitute ikusleen aldetik. Mikra antzezlana izan ezik, guztiak egin dituzte Munoan, eta egunero agortu dira sarrerak. Aizpururen esanetan, konpainia eta artistek ere "eskertu" dute beraiei aukera ematea, baina egoeragatik ezin izan dituzte "oso urrutiko" konpainiak ekarri. Batzuk, gainera, aurreko urtean itxita zituzten emanaldiak izan dira, eta Aizpuruk dioenez, haiekin ere "konpromisoa" mantendu nahi izan dute.