Maite Unzurrunzagaren 'Lekuak' margo erakusketa zabalduko dute ostegunean

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 6a, 09:30

Artista zarauztarraren erakusketa ikusgai izango da Sanz Enea kultur etxean irailaren 12a bitartean.

Maite Unzurrunzaga margolari eta arkitekto zarauztarraren Lekua erakusketa zabalduko dute ostegun honetan Sanz Enea kultur etxean, eta udan zehar ikusgai izango da, datorren irailaren 12ra arte; egunero bisitatu ahalko da, 18:00etatik 20:00etara.

Gaiak askotarikoak badira ere, guztietan aurkitzen dituen paisaiak, azken urteotan bisitatu dituen lekuenak; hala nola, Grezia, Erroma edota Israel, baina baita bere gertuko inguruak ere. Eta, nolabait ere, horietan guztietan erakusketa honetarako aukeratu den hari-gidari bat ikus daiteke: arroka. Paisaia moldatzen duen arkitektura natural gisa.

Formatu, teknika eta tamaina askotariko obrak ikus ahal izango dira Sanz Eneako beheko solairuko lau aretoetan. Bi areto handietan, bestalde, egileak bidaietan eraman ohi dituen koadernoak eta akuarela-kaxa txiki bat, arkatzak, pintzelen bat eta ur-poto txiki bat ere paratu dute.