Gaur itxiko dute Dandak antolatutako pala txapelketarako izen-ematea

Zarauzko Hitza 2021ko uzt. 7a, 11:00

Bihar arratsaldean jokatuko dute pala txapelketa, Iñurritzan. Gauean, aldiz, zineforuma izango da Putzuzulon.

Aurrera doa Danda Gazte Asanbladak uztailerako prestatutako egitaraua. Aurreko ostegunean, uztailaren 1ean, auzolana izan zen Putzuzulon, eta musika emanaldiak izan ziren horren ostean: Habi eta Ibil Bedi taldeak aritu ziren gaztetxean iluntzean. Aste honetarako ere jarri dituzte hainbat hitzordu Dandako kideek: biharko, uztailaren 8an, pala txapelketa eta zine foruma antolatu dituzte.

Iñurritzako frontoian egingo dute pala txapelketa; dena den, eguraldi txarra eginez gero, Gaztelekuko frontoian jokatzeko aukera izango dela azaldu dute. 15:00etan hasiko dira partidak.

Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, eta horretarako, interesdunek mezu pribatu bat bidal dezakete Dandaren Twitter edo Instagram kontuetara. Bestela, danda.gazte@gmail.com helbide elektronikora mezu bat helarazteko aukera ere badago. Gaur amaituko da izena emateko epea, 15:00etan.

Palan jardun ostean, gauean, zineforum saio bat ere izango da Putzuzulon. 22:00etan hasiko da emanaldia, baina oraindik ez dute jakinarazi zein film egongo den ikusgai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide