Haitzen arkitekturara

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 8a, 08:52

‘Lekua’ margolan erakusketa irekiko du gaur arratsaldean Maite Unzurrunzagak, Sanz Enea kultur etxean. Gertuko zein urrutiko paisaiak ekarri ditu, guztietan arroka hari-gidari hartuta

Maite Unzurrunzaga margolari eta arkitekto zarauztarraren Lekua erakusketa zabalduko dute gaur arratsaldean Sanz Enea kultur etxean; udan zehar izango da ikusgai, datorren irailaren 12ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Denbora asko pasatu da bere bakarkako azken erakusketa egin zuenetik: 2014an izan zen, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian, eta bi urte lehenago Zarautzen egin zuen, Torre Luzea aretoan. Edonola ere, taldekako erakusketetan parte hartu izan du urtero; esaterako, Ispilu Arte galeriako udako kolektibetan paratu ditu hainbat margolan.  Orain, ia hamarkada bat geroago, berriro bakarkako proposamen batekin itzuli da sorterrira 1980ko hamarkadatik Madrilen bizi den artista.

«Gustuko dut lekuak bisitatzea», aitortu du Unzurrunzagak. «Lekua hitzak gauza asko hartzen ditu bere baitan. Toki batera bidaiatzen dudanean, hunkitu egiten zara pixka bat eta apunte batzuk margotzen ditut koardenoan lumarekin, lapitzarekin edota urmargoekin. Ondoren, estudiora joaten naiz eta bertan osatzen ditut margolanak. Batzuetan in situ egiten ditut, baina askotan koadernotik ateratzen ditut ideiak».


Margolanetan agertzen diren lekuak «bateratzen» saiatu dela adierazi du margolariak. Batzuk bere «ingurukoak» dira, bere bazterrak: Zarautz, Getaria eta Zumaiako pasaiak. Besteek, berriz, bere ofizioari ohore egiten, lurraldera egokitutako arkitektura islatzen dute. «Arroka hartu nuen tokien saski-naski honen gaitegi moduan. Beraz, koadro askotan paisaia horretako haitzak ikusten dira bere arkitektura propioa sortzen», argudiatu du sortzaileak. 

Nolabait ere, arroka, haitza edo harria erakusketa honetako hari-gidaria da. Paisaia moldatzen duen arkitektura natural gisa hartzen du Unzurrunzagak, eta bere begirada artistikotik bidaia piktoriko bat proposatuko dio Sanz Eneara bertaratuko den bisitariari. Bertako kostaldetik hasi, Markinako harrobia, Añanako Gatzagak eta Beriain mendia igo ondoren, Errioxa (Espainia), Toledo (Espainia) nahiz Albarracinetik (Aragoi, Espainia) igaro eta nazioartean jarraitzeko; besteak beste, Judeako basamortuan (Israel), Galwayko portuan (Irlanda), Akropolisen (Grezia) eta Villa Adrianan (Italia).


Atzera begirakoak

Formatu, teknika eta tamaina askotariko obrak ikus ahal izango dira Sanz Eneako beheko solairuko lau aretoetan. Azken bost urteetan eginiko lanak dira, baina gehientsuenak azken bi urtean ekoitziak. Erakusketaren hasieran, hain justu ere, gertukoen zaizkion paisaiak paratu  nahi izan ditu margolariak, baina atzera begirakoarekin jokatu nahian. Izan ere, Zarauzko hondartzaren eta moilaren garaiko eta oraingo ikuspegiak jarri ditu erakusgai, herriak izan duen garapenaren erakusgarri. 


«Txikia nintzenetik hona asko aldatu dena Getaria aldeko paisaia da. Lehen ez zegoen hainbeste mahastirik! Horrelako koadroak ere badira hemen», azaldu du nostalgi apur batekin. Eta nola ez, kostaldea eta arrokak ardatz, Zumaiako flyschak ere badu bere presentzia erakusketan. Arroken lilura berezia Unzurrunzagaren margolanetan dago orain ikusgai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide