Adur Amatriain: «Ez nuen inondik inora espero aurrena geratzerik txapelketan»

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 8a, 10:00

Igandean QS zirkuituko Galiziako txapelketa irabazi zuen, eta horrez gain, une honetan Europako Pro Junior txapelketako rankingean lehen postuan dago zarauztar gaztea. 

QS ligako Abanca Pantin Classic Galicia Pro surf txapelketa irabazi zuen aurreko igandean Adur Amatriain (Zarautz, 2003) surflari gazteak. Izen handia duten hainbat surflariri gailendu zitzaien Amatriain, besteak beste, Ruben Vitoria eta Aritz Aranburu zarauztarrei. Bolada onean murgilduta dago.

Txapelketa garrantzitsua irabazi duzu. Nola baloratzen duzu zure lana?

Lehen txandan ondo ibili nintzen, baina bigarrenean oso baldintza zailak zeuden, eta azken bi minutuetan lortu nuen txandaz pasatzea; kalera nindoan bestela. Gainontzean, lehia osoan nahikoa erregular ibili naiz.


Txapelketaren aurretik irabazteko aukerarik ikusten al zenion zeure buruari?

Ikastera nindoan gehienbat; ez nuen inondik inora espero aurrena geratzerik. Amak esaten zidan irabaziko nuela, baina ni motibatzeko bakarrik zen hori, bazekien ez nuela irabaziko. Bat-batean, irabaztea... inork ez zuen espero.


Surfeko txapelketetan ezusteko asko izaten dira.

Egia da, bai. Itsasoa ez du inork kontrolatzen; beraz, egun batean irabaz diezaiokezu munduko onenari, eta hurrengoan lagun batek irabaz diezazuke zuri.


Lagun artean ibili zara txapelketa honetan.

Bai. Ilusio handia egiten dit etxekoen kontra aritzeak, horrek esan nahi duelako Zarautzen maila handia daukagula. Egunerokoan beraiekin entrenatzen dut, eta halako txapelketa batean beraien aurka aritzea zerbait berezia da.

Junior zirkuituko beste proba bat ere irabazi zenuen orain gutxi.
Bai, duela hilabete bat, Bretainian. Orain arte, urte asko neraman txapelketarik irabazi gabe, eta bat-batean, bi jarraian irabaztea subidoi handia da niretzat.


Horrek nola eragin du zure ibilbidean?

Bi ligatan ari naiz parte hartzen. Bata Pro Junior da, 18 urtez azpikoena. Oraingoz, zirkuituko txapelketa bakarra egin da eta hori irabazi egin dut [Bretainiakoa]. Beraz, Europako rankingean orain aurrena noa. Interesgarria da sailkapenean lehen hiru onenetan egotea, horrela ahalko dudalako munduko txapelketarako sailkatu. Beste zirkuituan, QSan, zaharragoekin ibili naiz lehian, eta Galiziakoa azken txapelketa zen. Askorako ez dit balio izan, postu batzuk igo ditut, baina lehenagotik emaitzarik ez neukanez, askorik ez. Abuztuan hasiko da berriro liga.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide