Osasuna erdigunean jarrita

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 9a, 12:00

Gipuzkoako AECC minbiziaren aurkako elkarteak ‘Uda osasungarria’ kanpaina berriari ekin dio. Gaztetxo askoren bizi ohiturei erreparatuta, topaketa batzuk egingo dituzte asteotan; Zarautzen asteartean egin zuten lehena eta datorren ostegunean egingo duten bigarrena.

Udan ere bizi ohitura osasungarriak izatearen garrantziaz eta kontzientziaz arduratuta, Gipuzkoako AECC minbiziaren aurkako elkarteak Uda osasungarria izeneko kanpaina jarri berri du abian sasoi honetarako. Zarautzen aurkeztu zuten kanpaina, astelehenean, elkartearen Urola Kostako egoitzaren aurrean, baina argi utzi zuten “Gipuzkoa osora” hedatuko dutela kanpaina, uztailean eta abuztuan.

Ohi bezala, aurten ere eguzki printzetatik babestea zeinen garrantzitsua den adierazi dute ekinbidearen sustatzaileek. “Baina urte arraro batean gaude oraindik, eta, azken hamarkadan ez bezala, aurten lan hori ezin dugu egin jendearekin, aurrez aurre”, azaldu du Maider Sierra AECC Gipuzkoa elkarteko prebentzio arduradunak. Horren jakitun izanik, panelak sortu dituzte hondartzara eta barrualdeko igerileku irekietara joatea erabakitzen dutenentzat.

Pandemia giroan sartuta, “beste bide batzuk jorratzea” erabaki dute aurtengo kanpainan: aurrerapauso bat eman nahi izan dute, eta adingabeengana hurbilduko dira; osasun arau guztiak kontuan hartuta, topaketak egingo dituzte ehunen bat haurrekin. “Badirudi udan beste erritmo bat dugula denok, bizi ohitura batzuk ditugula, eta minbiziaren aurkako elkartetik gogorarazi nahi dugu oso ondo pasatu dezakegula gure osasuna zainduta”, egin du azpimarra minbiziaren aurkako elkarteko prebentzio arduradunak. Izan ere, elikadura kontuei helduta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %25 inguruk gehiegizko pisua du; hau da, hirutik batek obesitatea du.

Haur eta gaztetxoengana hurbilduko dira udalekuetan, haiek dauden tokira, “talde burbuilak mantenduta”, eta hiru alor nagusi landuko dituzte: eguzki izpiekiko babesa, bizitza aktiboa izatearen garrantzia eta elikadura. Eguzki izpietatik babesteari dagokionez, hilabetez udalekuetan izango direnekin hausnartu nahi dute nola lor dezaketen xede hori; zer babes mota behar dituzten, eguzkia altuen eta baxuen noiz dagoen, eta itzalari garrantzia nola eman landuko dute, besteak beste. Hezitzaile batzuen laguntzarekin landuko dute guztia.

“Dinamikoak” izango dira saioetako ekintza guztiak, eta “bizitza aktiboaren garrantzia” sustatuko dute; hori da kanpainaren bigarren helburua. Kalean jolasean aritzea edo etxean bideo jokoekin jolasten gelditzea zer ezberdina den konparatu nahi izan du Sierrak.

Hirugarrenik, berriz, elikadura osasungarriaren gaia jarriko dute mahai gainean; horrekin gaztetxoei erakutsi nahi diete zer-nolako aukeraketak egin behar izaten diren eta egin ditzaketen egunerokoan. “Esaterako, askaritarako zer nahiago dugu: opil bat ala txorizo edo Nocilla ogitarteko bat? Haiekin hausnartu nahi dugu zergatik nahiago ditugun janari batzuk edo besteak, edo zerk duen azukre gehiago, zerk gutxiago…”. Uda osasungarria izateko “ezinbesteko urratsak” dira horiek guztiak.

Aste honetan, esaterako, asteartean, Zarauzko Lizardi institutuan izan ziren Gipuzkoako AECC elkarteko arduradunak, eta Legorretan izan ziren atzo. Datozen asteetako egitaraua ere finkatuta daukate: astelehenean, Irungo Dunboa eta Eguzkitza ikastetxeetan izango dira; asteartean, Ordizian; ostegunean, Zarautzen; uztailaren 19an, Irungo Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetan; eta hilaren 26an, Irungo Leka Enea ikastetxean. Beste herri batzuetan ere egoteko asmoa badute; Ordizian eta Donostian, adibidez.

Jarraitu irakurtzen gipuzkoa.hitza.eus atarian

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide