Irudietan: Bertso-musikatuen saioarekin hasi da Bertso Astea

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 10a, 11:12

Motxian Etxebeltz Bertsogunea aurkeztu zuten. Aurrerantzean, bateratua izango da bi bertso-eskolen jarduna. Saioaren formatua inoiz baino hotzagoa izan bazen ere, bertsogunekoek emanaldi goxoa eskaintzen asmatu zuten.

Bertso Astea abiarazteko lehen hitzordua izan ohi den bertso musikatuen saioa izan zen atzo Villa Manuelako pilotalekuan. Normalean Kale Nagusian, Basarriren bustoaren aurrean egin ohi da saioa, baina egungo osasun egoera dela-eta, saioaren lekua eta formatua ere egokitu egin behar izan zituzten Motxian Etxebeltz Bertsoguneko kideek. Ezohiko forma izan zuen atzoko saioak: oholtza gainera igota abestu zuten herriko bertsolari eta bertsozaleek, eta publikokoek musukoak soinean zituztela jarraitu zuten saioa, elkarrengandik metro eta erdira bereizitako aulkietan jarrita. 

Formatua inoiz baino hotzagoa izan zen arren, bertsoguneko kideek asmatu zuten gaugiro goxoa sortzen. Hasteko, Nahikari Gabilondok eta Onintza Gartziak omenaldi txikia egin zieten Roxa Lertxundi eta Pello Esnali, Etxebeltz bertso-eskolaren sortzaileei. Publikoan ziren biak ala biak, hunkituta. Bertso-eskola hausnarketa prozesu batean murgilduta zegoela azaldu zuten aurkezleek, eta haren historian apur bat sakondu ondoren, Motxian Etxebeltz Bertsogunea aurkeztu zuten. Orain arte bi bertso-eskola izan dira Motxian eta Etxebeltz, baina aipatu hausnarketa prozesuaren barruan bateratzeko erabakia hartu dute, eta Bertso Astea abagune egokia dela iritzi diote eragile berritua ofizialki aurkezteko.

Horren ostean, bertso-eskolako kideak binaka igo ziren oholtzara, eta bikote bakoitzak sorta bana abestu zuen, musikariek lagunduta. Fin aritu ziren ahotsei laguntzen Joane Aldalur perkusioan, Libe Goenaga saxofoiarekin eta Aner Peritz teklatuan. Sorta guztiak abestu ostean, Basarri Bertsopaper Saria banatu zuten eta, saioa borobiltzeko, Guretzat berdin dira... ohiko ereserkia abestu zuten Motxian Etxebeltz Bertsogunekoek. 

Erlazionatuak