Bihar hasiko da Emakumezkoen 13. Pala Txapelketa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 11a, 10:00

Bihar erabakita geratuko dira finalaurreko partidetan parte hartuko duten lehen bi bikoteak. 18:30ean hasiko dira partidak, Aritzbatalden.

Aritzbatalde kiroldegiko frontoian izango dira aurten Emakumeen 13. Pala Txapelketako partidak, eta bihar bertan hasiko da lehia. Hiru partida jokatuko dituzte bihar, 18:30etik aurrera, 30 tantora.

Denera, sei bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horietako hiruk jokatuko dituzte partidak bihar. Bina partida jokatuko ditu bikote bakoitzak, eta hiru bikoteen artean puntu gehien eskuratzen dituzten bi bikoteak sailkatuko da finalaurreko jardunaldirako. 

Biharkoaren moduko jardunaldia izango da datorren asteazkenean, hilaren 14an, leku eta ordu berean. Gainontzeko hiru bikoteek izango dituzte partidak egun horretan. Finalaurreko partidak hilaren 19an, astelehenean, izango dira eta, azkenik, uztailaren 25ean jokatuko dituzte finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak. 

Hemen ikusgai bihar jokatuko dituzten partidak:

1. Saioa Iraola eta Maialen Manterola / Ainhoa Lakuntza eta Irati Tolosa
2. Saioa Iraola eta Maialen Manterola / Lide Ignacio eta Irune Zapirain
3. Ainhoa Lakuntza eta Irati Tolosa / Lide Ignacio eta Irune Zapirain