Azken postuan sailkatu da Enbata gaurko estropadan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 10a, 19:57

Azken postuan sailkatu da Zarautz-Gesalaga-Okelanen trainerua Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian, Donostian. Bere txandan, bigarren luzean hautsi da estropada Enbatarentzat, eta helmuga lehen postuan gurutzatu duen Cabogandik denbora luzera amaitu dituzte lanak zarauztarrek.

Donostian izan dute estropada gaur Eusko Label ligako arraunlariek. Hirugarren txandan, lehen kaletik jokatu du Kontxako uretan Enbatak. Hasieratik 0. kalerantz jo dute zarauztarrek, eta lehen luzean eustea lortu badute ere, bigarrenerako asko ari ziren sufritzen. Lehen postuan zihoan Cabo da Cruzgandik 16 segundora eman dute bigarren ziaboga. Hirugarren luzean aldea are gehiago handitu da, eta azken ziabogan 26 segundoko aldea atera diete zarauztarrei galiziarrek. Azkenean, 21:00.16 denboran amaitu dute estropada. Estropadako sailkapen orokorrean azkenak izan dira gaurkoan zarauztarrak. 

Txanponaren beste aldean dago Zierbena, berak eskuratu baitu gaurkoan bandera eta, hain zuzen, etxean izango du bihar estropada. Zarautz-Gesalaga-Okelanentzat asteburua ahozapore hobearekin amaitzeko aukera izango da biharkoa.

Hauek izan dira gaurko denborak:

1. Zierbena 19:50.94
2. Hondarribia 19:53.38
3. Santurtzi 19:56.24
4. Orio 19:58.50
5. Donostiarra 20:00.74
6. Bermeo Urdaibai 20:12.58
7. Cabo 20:16.72
8. Ares 20:22.82
9. Ondarroa 20:27.48
10. Tiran 20:33.96
11. Lekittarra 20:46.94
12. Zarautz 21:00.16

Gaurko estropadaren ondoren, horrela geratu da Eusko Label ligako sailkapena:

1. Sotera Santurtzi 32 puntu
2. Arraun Zierbena 31 puntu
3. Hondarribia 27 puntu
4. Orio-Orialki 25 puntu
5. Donostiarra 25 puntu
6. Bermeo Urdaibai 23 puntu
7. Ares 17 puntu
8. Cabo 15 puntu
9. Ondarroa 13 puntu
10. Lekittarra 9 puntu
11. Zarautz 9 puntu
12. Tiran 8 puntu