Trafiko istripua izan da Aian, eta itxita dago Zarauztik Oriorako bidea

Zarauzko Hitza 2021ko uzt. 11a, 19:24

Lineako autobus batek eta beste bi ibilgailuk izan dute istripua Aian, eta pertsona bat eraman dute zaurituta Donostiako Ospitalera. Ertzaintzak itxita dauka Oriorako bidea.

17:45ak aldera trafiko istripu bat izan da N-634 errepideko 15. kilometroan, Aian. Ertzaintzak azaldu duenez, lineako autobus batek eta beste bi ibilgailuk jasan dute istripua, eta gutxienez bi pertsona artatu behar izan dituzte larrialdi-zerbitzuetako langileek. Donostiako Ospitalera eraman dute horietako bat, baina antza, ez dago larriki zaurituta.

Kantabriarako noranzkoan izan da istripua, baina bi norabideetan moztu dute errepidea. Itxita jarraitzen du bideak.

Momentuz ibilgailuak A-8 autobidera ari dira bideratzen Oriotik sartu-irtena egiteko. Hala, Zarautzen Talaimendi azpiko biribilgunean daude ertzainak, Oriorako bidea oztopatuz.