Autodefentsa feminista tailerra antolatu du Emakumeen* Etxeak hilaren 27-28rako

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 13a, 15:00

Sheila Melcon Lopezek eskainiko ditu saioak, goizez, eta izena emateko epea zabalik dago jada.

Emakumeen* Etxeak autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du uztailaren 27 eta 28rako, neska gazteen artean sareak sustatu nahian, indarkeria sexistarik gabe bizitzeko eskubidea eta beharra indartzeko. Saioak Sheila Melcon Lopezek gidatuko ditu, euskaraz, 10:30etik 13:30era, eta metodologia dinamiko baten bidez, erasoei aurre egiteko hainbat tresna eskainiko ditu, fisikoak, psikologikoak nahiz emozionalak.

Ikastaroak helburu hirukoitza du. Batetik, eraso sexistak identifikatzen ikasi eta indarkeriaren mitoak, jatorriak eta ondorioak ezagutuko dira. Bigarrenik, norbere burua defendatzeko erantzunak, alternatibak eta estrategiak ezagutzeko eta probatzeko aukera eskainiko du. Azkenik, bakoitzak bere buruarengan konfiantza berreskuratu eta norberaren gaitasunak eta autoestimua landuko dira.

“Zoritxarrez, gure gizartean emakumeok indarkeria matxista jasaten dugu", nabarmendu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak. Iaz 35 emakumek jasan zuten indarkeria matxista Zarautzen, eta horietatik hiruk sexu erasoak jasan zituztela zehaztu du. “Dauzkagun datuen arabera, era guztietako indarkeriak gertatu dira: fisikoa, sexuala zein psikologikoa. Indarkeria jasan duten emakumeen adinari erreparatzen badiogu, oraindik emakume gazte askok indarkeria jasaten dutela ikusten dugu:  biktima gazteenak 14 urte ditu eta bederatzik 25 urte baino gutxiago”.

Autodefentsa feminista ikastaroan izena eman dezakete 14 urtetik aurrerako edozein emakumek. Horretarako 943-00 51 36 telefono zenbakira dei dezakete edo emakumeen-etxea@zarautz.eus posta elektronikora idatzi. Edo, bestela, ondorengo orria bete: www.labur.eus/autodefentsafeminista.