Alcobendasen aurka jokatuz ekingo dio denboraldiari Amenabar Zarautzek

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 13a, 19:00

Amenabar Zarautz -Sarria (Luis Epelde)

Osatu dute datorren denboraldiko egutegia, eta irailaren 25-26ko asteburuan hasiko da Zilarrezko Ohorezko Mailako liga. Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldea A multzoan ariko da lehian hasierako fasean.

Zilarrezko Ohorezko Mailako 2021-2022 denboraldiko egutegia zehaztu dute gaur, zozketa bidez, eta Amenabar Zarautzek A multzoan jokatuko du, ondorengo bederatzi talde hauekin batera: Balonmano Soria, UBU San Pablo Burgos, Cisne Colegio Los Sauces,  Acanor Atletico Novas, Balonmano Zamora, SD Teucro, Balonmano Guadalajara, Tubos Aranda Villa de Aranda eta Balonmano Alcobendas. Ligari irailaren 25-26ko asteburuan emango diote hasiera, eta Zarauzko taldeak etxetik kanpo izango du lehen partida, Alcobendasen aurka.

Lehiaren formatua iazko bera izango da: 20 taldek hartuko dute parte, hamar taldeko bi multzotan banatuta. Lehen fase bat jokatuko dute joaneko eta etorriko partidekin, eta multzo bakoitzeko lehen bost talde sailkatuek txapelketa irabazteko bigarren fase bat jokatuko dute; multzo bakoitzeko azken bost sailkatuek, berriz, mailari eusteko fasea.

Bigarren faseko bi talde onenek igoera lortuko dute, eta azken bost sailkatuak maila galduko dute.