Aldapetako igogailuak inauguratu dituzte

Mireia Galarza-Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 14a, 20:10

Aldapetako igogailuak inauguratu berri dituzte gaur arratsaldean, eta dagoeneko erabilgarri daude. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak egin dute lehen bidaia, eta estreinaldira Vista Alegreko bi bizilagun gonbidatu dituzte; jarraian, gauza bera egin dute txandaka Udal Gobernuko kideek, Visesako ordezkariek eta hainbat auzotarrek. Guztiak pozik agertu dira azken emaitzarekin, izan ere, zerbitzu berriak bizilagunen urteetako eskariari erantzuten dio, auzoko irisgarritasuna hobetuz, neurri handi batean.

Lehen igogailuak sei metroko garaiera du, eta San Inazio kalea eta Aldapetako plaza lotzen ditu. Bigarrenak, berriz, plazatik Sarakatuako Dorrera dauden 25 metroak. Horien abiadura segundoko metro batekoa da; beraz, minutu erdian igotzeko aukera ematen du. Edukierari dagokionez, bi igogailuek 24 pertsona eraman ditzakete gehienez, eta bizikleten, erosketa orgen, haurren aulkitxoen eta gurpildun aulkien erabilera baimenduta dago, baina ez motorrena. Egun, pandemia garaian egonik, lau pertsonetara mugatuta dago bidaia bakoitza. Igogailuak 24 orduz egongo dira erabilgarri, Azken Portu Goikoa bezala, baina une oro errespetuz erabiltzeko deia egin dute.

Urbanizazio obren kostua 2.120.314 eurokoa izan da, guztira. Jarduketa hori 2016an Zarauzko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren artean sinatutako hitzarmenaren bidez egin da; hura Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoaren bidez garatu da.

"Badaukagu zer ospatua"

"Bizilagunei azaldu nienean gaur ireki behar genituela igogailuak, komentatu genuen geure artean aurten ez genuela auzoko festarik izango, baina festak garai honetan izaten dira eta zer ospatua badaukagu, hainbeste urtez zain egon ondoren". Modu horretan ekin dio bere hitzhartzeari  Xabier Txurruka alkateak, igogailuan beraiekin igo den auzokidetako bat bere ondora ekarrita. Duela sei urte, Azken Portu Goiko eta Aldapetako igogailu publikoak eraikitzeko konpromisoa hartu zuen udalak, eta duela hiru urte, proiektuak idatzi eta obrak esleitu ondoren, Aldapetako obrak hasi ziren. "Gaur, hiru urtez obretan jardun ondoren eta pandemian urte eta erdi igaro ondoren, hitza bete dugu Vista Alegreko herritarrekin. Nahi baino denbora gehiago behar izan dugu, baina garrantzitsuena da Aldapetako urbanizazio-obrak ongi amaitu direla eta, gainera, gorabehera nabarmenik gabe”, azaldu du.

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du zerbitzu "ezin hobea" emango duela, irisgarritasunaren aldetik eta auzoko herritarren bizi-kalitatean. “Gure lana etxebizitzak eraikitzera bideratzen da, funtsean, baina, horretarako, kanpo-espazioak eta urbanizazioa antolatu eta hobetu behar dira, eta, askotan, hiri-igogailuak eraikitzeak auzo osoaren irisgarritasuna areagotzen du”. Alde horretatik, esperoan egon diren instalazio hauekin "urte luzez gozatzea" opatu die auzotarrei.

Txurrukarentzat "garrantzitsua" da emandako pausoa, baina pixkanaka-pixkanaka etorkizunean ere aurrera jarraitzea da udalaren asmoa: "Eskatuko diogu Jaurlaritzari laguntza horretarako ere. Izan ere, mahai gainean zenbait proiektu ditugu, eta haiek abian jartzen joango gara, datozen urteotan, Vista Alegre auzoko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko". Horren harira, alkateak beste igogailu baten berri eman du: Allemendi 10 da Vista Alegre auzoko etxebizitza garaiena, eta datorren urteko udal aurrekontuetarako partida bat bideratuko dute gune horretara iristeko igogailu txiki bat eraikitzeko.

Bestalde, orain arte Vista Alegrerako hiribusa dohainik baldin bazen, igogailuen irekierarekin ordaindu egin beharko dela jakitera eman dute.