"Logikoena zen bat egitea"

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 15a, 08:30

Herriko bi bertso eskolek indarrak batu dituzte eta Motxian Etxebeltz Bertsogunea sortu dute. Hausnartze prozesuaren berri eman zuten duela  astebete Bertso Astean. 

Bertso Astea abagune egokitzat hartuta, Motxian Etxebeltz Bertsogunea aurkeztu zuten herritarren aurrean. Orain arte bi bertso eskola izan dira Zarautzen –Motxian eta Etxebeltz–, baina hausnarketa prozesu baten barruan daude, eta bateratzeko erabakia hartu dute. "Historikoki, aurrena talde bat sortu zen, eta gero, bestea, baina, azkenean, bietan pertsona berberak genbiltzan. Izapide kontuak aparte egiten genituen bi elkarte ezberdin ginelako erregistroan, baina, praktikan jende bera ginenez, logikoa ikusten genuen bat egitea", eman du aditzera Onintza Gartzia Motxian Etxebeltz Bertsoguneko kideak.

Horretaz aparte, gazteek Etxebeltzetik Motxianerako trantsizioa "jauzi" bat balitz bezala sentitzen zutela sumatu izan dute. Zentzu horretan, bide hori egiterakoan, "batzuetan zailtasunak" izan dituztela azaldu du Gartziak. "Beraz, bi bertso eskolak elkartzeari abantailak baino ez dizkiogu ikusten: urrats horiek modu naturalean egiteko balioko du".

Bateratzearekin denak ados egonagatik ere, Etxebeltzeko sortzaile Roxa Lertxundiri eta Pello Esnali jakinarazi nahi izan zieten berria lehendabizi. Behin haien oniritzia jasota, herritarren aurrean aurkeztu zuten bateratzea joan den astean egindako Bertso Astean, bertso musikatuen saioan. "Gainera, egun hori baliatu genuen Roxari eta Pellori omenaldi txiki bat egiteko, eta oso polita izan zen. Ikastolari ere eskertza egin genion haurrak eta gazteak bertsozaletzen urte hauetan guztietan egindako ahaleginagatik", gogora ekarri du bertsoguneko kideak.


Prozesua abian

Urte hasieran ekin zioten hausnartze prozesuari bertso eskoletakoek, eta oraindik abian jarraitzen dute. Kideetako batek gai bat proposatu zuen, eta horri tiraka, elkartzen hasi ziren. "Bide batez, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneari eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteari deitu genien, eta haietako ordezkari bana etorri zen beren elkartea nola eratuta dagoen aurkeztera. Sorreratik gaur egunera zer aldaketa izan dituzten eta nola funtzionatzen duten kontatu ziguten, guk haien berri izan genezan, ondoren guk gure bidea egiteko. Beraz, horretan ari gara pixkanaka, gure bidea egiten eta aurrera begira gure bertso eskolan zer gauza egin nahi ditugun finkatzen", azaldu du Gartziak.

Helburu nagusiak ez dituzte aldatu: bertsolaritza haurrengana eta gazteengana gerturatu nahi dute. Horretarako, epe laburrera begira, hartu dituzte hainbat erabaki. Adibidez, pandemia iritsi aurretik ikastolan egiten zituzten bertso eskolak, baina egoera zaildu zenean, udalarekin hitz egin zuten, adin eta eskola ezberdinetako ikasleak ikastolan elkartzea ezinezkoa zelako, eta Villa Mundan gela utzi zieten. "Ikasturte osoa bertan pasatu dugu, eta erabaki dugu aurrerantzean ere udal eraikina erabiltzen jarraitzea; ikastolari azaldu genion hori", dio kideak.

Berrikuntza dira, baita ere, irailetik aurrera Zarauzko ikastetxe guztietan egingo dituzten motibazio saioak. "Ikusten genuen ikastolako ikasleak gerturatzen zirela gehien, bertan sortu zelako bertso eskola eta giro gehien bertan izan delako. Azken urteetan Orokietatik eta Lizarditik gero eta gehiago ari dira etortzen, baina saiatu behar genuen ikastetxe guztietara iristen", azaldu du Gartziak. Horretarako, bilera batzuk egin dituzte ikastetxeetako ordezkariekin, eta proposamen bat aurkeztu zieten: irailean, ikastetxe bakoitzeko LHko eta DBHko maila banatan, saio batzuk egitea bertso eskola haiengana gerturatzeko. "Zaila da askotan norbera hurbiltzea zerbait ezagutu ezean".

Ikastetxeetako ordezkariei ideia ona iruditu zitzaiela azaldu du Gartziak. Dena den, egungo egoera "delikatua" dela gaineratu du, eta horren arabera erabakiko dutela irailean saioak egin edo ez. "Ez da erraza izango, baina asmoa hori da, eta irailean ezin bada, aurrerago egiteko inolako arazorik ez da izango".


Etenik gabe

Gazteen eta nagusien arteko zubian "etenik ez" egoteari erreparatu behar diotela azpimarratu du Motxian Etxebeltz Bertsoguneko kideak; hori dute beste erronketako bat. Bertso Astea antolatzerakoan, esaterako, Etxebeltzeko kide zaharrenak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera; gaiak jartzen nahiz bertso musikatuetan parte hartzeko aukera eman diete.

Helduen bertso eskolari dagokionez, «lehengo martxari» heldu nahi diote, talde ezberdinetan bildu eta bertsotan aritzeko. "Ea posible dugun irailetik aurrera horri ekitea. Jendea gogoz dago. Bertso Astea prestatzeko elkartu garenean, ederra izan da bertso eskolako giro hori sumatzea geure artean", dio gogobeteta Gartziak.