Giranice taldearen abesti batean kolaboratu du Mikel Kazalisek

Zarauzko Hitza 2021ko uzt. 16a, 11:17

Garate estudioetan aritu da grabatzen Giranice Orioko taldea. Abesti horietako batean kolaboratu du Mikel Kazalis zarauztarrak. 

Giranice musika instrumentala lantzen duen euskal taldea da. Taldekideek beraiek azaltzen duten moduan, "emozioei behar duten arnasa emateko asmoz", eta "entzuleen erraietara iristea" bilatu nahian, soinu aldaketa bortitzak, erritmoak eta melodiak erabiltzen dituzte. 

2011n atera zuen Giranicek taldearen izen berea daraman lehen diskoa. Enea (2012) eta Ur (2015) izan ziren hurrengo proiektuak. Sei urteko isilunea hautsiz, berriro sartu da taldea estudioan kanta berriak grabatzera, eta horren emaitza da Geysir hau. Pieza honetan Anestesia taldeko buru eta sortzaile Mikel Kazalis zarauztarrak kolaboratu du.