Eguneko zentro "berritzailea" eraikiko dute Aldapetan

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 17a, 09:00

Gizarte Politikako Departamentuko eta Zarauzko Udaleko ordezkarien bilera. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Mota desberdinetako dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzenduta egongo da zentro berria. Haren gainaldean, bi etxebizitza laguntzadun ere kokatu nahi dituzte.

Atzo goizean lan bilera egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuko eta Zarauzko Udaleko arduradunek, udalerriko gizarte baliabideen garapenean “urratsak egiten jarraitzeko“. Izan ere, 2022an bi baliabide berri zabalduko dituzte Aldapetan desgaitasuna duten pertsonentzat; alde batetik, eguneko zentro balioaniztun bat, eta bestetik, horri lotuta, bi etxebizitza laguntzadun.

Eguneko zentroak mota desberdinetako dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatuko dituela zehaztu du. “Zentro aitzindari eta berritzaile bat izango da, balioko diguna arreta modu berriak ezagutzeko eta, probaldi baten ondoren, baloratuko dugu ea eredu hori lurraldeko beste puntu batzuetara hedatu daitekeen”, zehaztu du Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak. Aurreikuspenen arabera, zentro berriak 30 plaza izango ditu guztira, eta desgaitasun intelektual, fisiko edo mistoa duten pertsonentzat bideratuko da.

Bi izango dira zabalduko dituzten etxebizitza laguntzadunak; eguneko zentroaren gainaldean kokatuko dituzte eta sei plazakoak izango dira. Mendekotasuna duten pertsonentzako izango da, eta bertako egoiliarrak eguneko zentroko erabiltzaileak izan daitezke ala ez. Diputatuaren hitzetan, “komunitatean integrazio handia duten etxebizitzak dira, Zarauzko erdialdean baitaude, eta pertsona bakoitzaren beharretan zentratutako esku-hartze eta artatze eredu bati erantzuten diote”.

Zarauzko Udalak dagozkion espazioak aldundiari lagako dizkio baliabide hauek aurrera eraman ditzan. Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, "Aldapetako proiektua errealitate bat den heinean, Aldundiaren zerbitzura jartzen ditugu eguneko zentrorako lokala eta bi etxebizitzak, hasieratik proiektu honen garapena eragin duen helburu soziala betez". Aurrerantzean, eraikitze eta eraberritze lanak egingo dira, bertan, plaza guztiak ituntzeaz gain. Plaza horiek gehituko dira gaur egun Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonentzat dauden 1.599 plazei: 713 eguneko zentroetan; 412 egoitza-zentroetan; eta 474 etxebizitzetan.

Atzoko bilera baliagarria izan zen bi erakundeen arteko lankidetza areagotzeko, eta aurrera egiteko tokiko nahiz lurralde mailako proiektu garrantzitsuen garapenean. “Aitzindariak izango direnak kolektiborik zaurgarrienei arreta eman eta zaintzeko modu berriak bilatzen jarraitzeko”, nabarmendu zuen Peñak.