Zale asko itxaroten ari ziren itzulera

Unai Zubeldia/Gipuzkoako Hitza 2021ko uzt. 18a, 09:00

(Baga Biga)

Sorotan Bele taldeak sona handia izan zuen 1990eko hamarkadan, eta, lehen diskoko abestiak egokituta, ‘Sorotan Bele gogoan’ proiektua sortu dute Xabier Zabala zarauztarrak, Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak.

Itxaroten ari gera arratsalde honetan / zerbait aukeztekotan jende honen aurrean…”. 1990eko hamarkadan, belaunaldi baten ikurretako bat izan zen Sorotan Bele taldearen Arratsalde honetan abestia, eta haren parean jartzekoak dira, besteak beste, Marinelaren zainZortzi orduko ekaitzaAtalaia eta Argiaren hiria kantuak. Hondarribiko eta Lezoko zazpi lagunek 1991n eskaini zuten zuzeneko lehen emanaldia, Larrabetzun (Bizkaia); 1993an plazaratu zuten lehen diskoa, Sorotan Bele izenekoa —beste bi ere badauzkate: Mundu hegian (1994) eta Jonen kezkak (1996)—, eta 1996ko azaroaren 30ean igo ziren azkenekoz oholtzara, Irungo Amaia antzokian.

Bost urteko ibilbide oparoaren ondoren, desegin egin zen taldea, baina, duela 25-30 urte izan ziren hura gogoratzeko, Sorotan Bele gogoan proiektua sortzea ederra izango zela bururatu zitzaion Xabier Zabala musikari zarauztarrari; hala azaldu du Urbil Artolak, Sorotan Bele taldeko kideetako batek eta Sorotan Bele gogoan proiektuko partaideetako batek. “Xabierrek urte asko daramatza tokian tokiko musika bandekin lanean, egokitzapenak eginez, eta Sorotan Beleren lehen diskoko abestiak hartu eta egokitu zitezkeela proposatu zion Gorkari [Gorka Sarriegi, Sorotan Beleko kide ohia]. Emanaldi monografiko bat edo kantaldi bat sor zitekeela iruditu zitzaion Xabierri”. Bidea egiten hasteko, Baga Biga Produkzioak ekoiztetxeari proposatu zioten ideia. “Eta berehala jarri zuten martxan. Geroxeago pentsatu zuten egokia izan zitekeela Sorotan Beleko bigarren partaide bati ere proiektuan sar zedin proposatzea, eta orduan etorri ziren niregana. Hori izan zen abiapuntua”, zehaztu du Artolak.

Sorotan Bele gogoan ekinbideak joan den maiatzaren 23an eskaini zuen lehen emanaldia, Larrabetzun, eta Getxon (Bizkaia) aritu ziren astebete geroago, maiatzaren 30ean; Getxoko Musikalia musika bandarekin eman zituzten bi kontzertuak. “Oso harrera ona egin ziguten, oso polita”, aitortu du Artolak. “Egun argiz aritu ginen Larrabetzun, frontoian, eta, musukoekin bazeuden ere, oso ondo ikusten ziren jendearen aurpegiko espresioak. Hasieratik zutik jarrita denak, dantzan… Ez genuen espero halakorik, eta oso polita izan zen”.

Irakurri artikulua osorik Gipuzkoako Hitzaren atarian.