Unai Agirre garaile izan da San Anton Biran

Aritz Mutiozabal-Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 18a, 13:08

Azkenean lortu dute San Antoni bira ematea. Duela hiru urte antolatu zuen Getariako Triatloi Elkarteak itsas zeharkaldia herrian, eta lehen aldi hartan ezin izan zuten diseinatutako ibilbidea osatu itsas korronteengatik. Iaz, koronabirusak eragindako pandemiak baldintzatuta, bertan behera utzi behar izan zuten hitzorduan. Aurten, ordea, baldintza guztiak aldeko izan dira: itsasoa bare eta eguzkia lagun. Irteeran taldeka banatuta, baina, 229 lagunek osatu dute igeriketa proba, eta bizkorrenak Unai Agirre zarauztarra eta Ana Vega donostiarra izan dira.

Gaztetape hondartzatik Malkorbera egin dute zeharkaldia parte hartzaileek; horien artean, zarauztar ugari. Gizonezkoetan, multzotxo bat joan da aurretik denbora osoan, baina San Anton igaro eta barran sartzerakoan, Agirrek martxa bat gehiago sartzea erabaki du. Hala ere, orpoz orpo izan ditu Mikel Iriondo ondarroarra eta Jon Ulazia zumaiarra. Inork ez du eman amore bukaerara arte, eta lehia estua ikusi dute Malkorbe hondartzan zeuden zaletuek. Azkenean, zarauztarra nagusitu da 33 minututan osatuz  igeriketa lehia; beste biak, aldiz, batera helmugaratu dira, bi segundora.

Sailkapen eta denborak ikusteko klikatu gainean.