Errotaberrin txikizkako merkataritza erabileraren inguruko kontsulta jarri du abian Udal Gobernuak

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 20a, 14:10
Errotaberri. (Zarauzko Udala)

Ordenantzari aldaketa batzuk egin nahi dizkio hori ahalbidetzeko, baina aurretik herritarren aurrean jarri du zirriborroa, jendeak bere ekarpenak egin ditzan edo iritzia eman dezan. Epea irailaren 15ean bukatuko da.

Errotaberri Industria Sektroreko Plan Partzialaren ordenantzari aldaketa egitea proposatzen du Udal Gobernuak; partzela industrialen eremuaren erabilera baldintzei dagokiena, hain justu ere. Aurreikuspenen arabera datorren urtean hasiko dira industria-pabiloi berriak eraikitzen, eta garaiko ordenantzak industria izaera eman zion bertako erabilerari, baina debekatu egin zituen txikizkako merkataritza-jarduerak eta, oro har, "oso murriztailea da erabilera onargarriei eta bateragarriei dagokienez".

Hori horrela, ordenantza berriaren zirriborroa herritarren esku utzi du udalen webgunean, eta orain kontsulta publiko ireki du, gaurtik hasi eta irailaren 15a bitartean, jendearen ekarpenak, proposamenak edota iritziak jasotzeko. Horretarako, hirigintza@zarautz.eus posta elektronikora. idatzi daiteke. Behin jasotako ekarpenak aztertu eta baloratu ondoren, osoko bilkurara eramango dute onartzera.

Eztabaidagai

Udal Gobernuak gogorarazi du Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) 6. tituluak bere erregulazio orokorra daukala erabilerei buruz. Industria-produkzio erabilerako partzeletan HAPOk aukera ematen du txikizkako merkataritza erabilerak baimentzeko: "Espresuki horrela baimendutako industria-produkzioko kalifikazio orokorra duten eremuetan". Zarauzko kasuan, ordea, ez da horrela une honetan, eta txikizkako merkataritza hainbat aldiz eztabaidatu duten gaia izan da udalean.

Lurzati gehienek indarrean dagoen erabilera-erregimenarekin jarraituko dutela zehaztu du Udal Gobernuak, baina plan partzialaren ordenantzaren testua eguneratu eta hiri-antolamenduko plan orokorraren ordenantzetara egokituko dela. Sektoreko lurzatietatik bi baino ez dira izango txikizkako merkataritza-erabilerak ahalbidetu nahi dituztenak, eta horiek hirigunetik gertuen daudenak izango dira.

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, "proposatzen diren aldaketek txikizkako salmentarako establezimenduak ezartzea ahalbidetuko dute, hala nola elikadura-dendak, supermerkatuak edo beste mota bateko merkataritza-establezimenduak, baina ez litzateke inola ere aukerarik egongo merkataritza-gune bat sortzeko, gure udalerriaren inguruan kilometro gutxi batzuetara ezagutzen ditugunak bezalakoak".