Modelo Aretoko ekipamendu eszenikoa hobetzeko lanetan ari da udala

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 22a, 15:47

2019an zabaldu zituen ateak Modelo Aretoak, eta Zarauzko Udalaren arabera, herriaren kultur-ikuskizunen "ardatz" bihurtu zen berehala. Aretoak izan ditzakeen erabilera posibleak aztertu ondoren, ekipamendu eszenikoa hobetzeko lanak abiatu dituzte.

Zarauzko Udala hasi da Modelo Aretoaren ekipamendu eszenikoa hobetzeko lanetan. Zabaldutako oharrean zehaztu dutenez, egingo diren berrikuntzei esker, ikuskizun eszenikoetan jarduten duten teknikariek lana erosoago eta seguruago egiteko aukera izango dute.

Kulturarekin konpromisoa "indartzeko" borondatea agertu du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, lanen berri ematearekin batera. "Azken urte eta erdian udalak mota guztietako kultur jarduerak antolatu ditu publiko guztientzat,  Modelo Areto eraberrituan. Orain, ekipamendu eszenikoan hobekuntzak egiteari esker, jarduera eta ikuskizun gehiago eta hobeak programatzeko aukera izango dugu". 

Cinetronica S.L. etxeak bi aste egingo ditu hornikuntza eta egokitzapen lanetan, 81.892,22 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Bost ataletan banatu dituzte lanak:

1. Makinak eta oihalak: agertokiak kaxa beltz baten itxura izateko helburuarekin, estrukturak egokitu eta oihal berriak sortuko dira, horiek behar eszenikoen arabera mugitzeko aukera egon dadin.

2. Fokuen euskarriak: estruktura berria ezarriko da, agertokiaren goialdeko euskarrian foku gehiago izan eta teknikariek horiek hobeto mugitzeko aukera izan dezaten.

3. Altzariak: soinu eta argiztapenen kontrol mahaia neurrira egin eta hornituko da, hango konexioak modu errazean egiteko eta espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.

4. Argiteria: argi mahaiaren eta mota guztietako fokuen hornidura. Guztiak led motatakoak izango dira, kontsumo baxuagoa izan dezaten.

5. Soinua: aretoko bozgorailuak zintzilikatu egingo dira, agertokia libre geratu dadin. Oinarrizko soinu ekipoa jarriko da, ekitaldi txikietarako ere kalitatezko soinua bermatuta egoteko.