Hasi dira Aritzbataldeko pista berritzeko lanak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 23a, 15:00

(Zarauzko Udala)

Lur berria jarriko dute pistan, eta ateak, saskiak nahiz megafonia-sistema ere berrituko dituzte. Obra sei astez luzatuko da gehienez.

Aste honetan jarri dituzte martxan Aritzbatalde kiroldegiko pista berritzeko lanak. Goiko metalezko egitura garbitu eta publizitate kartelak kendu dituzte azken egunetan, obra bukatzean kartel berriak jartzea baita asmoa. Lanen helburu nagusia, dena den, pistako lurra eta kirol-ekipamenduak aldatzea da.

Udalaren esanetan, "Hayaelastic motakoa da zoladura berria, hagako zurezko akabera duen sistema bat". "Kirol-erabilerarako diseinatutako sistema bat da; izan ere, laminek inpaktuen xurgapen-maila handia eta energiaren itzulera kontrolatua ahalbidetzen dute, barneko aire-kameraren deformazioaren bidez eta inpaktuaren ondoren hasierako posiziora itzultzeko gaitasunaren bidez", gaineratu du udalak.

Lurra berritzeaz gain, ordea, megafonia-sistema eta larrialdietarako ate berriak jarriko dituzte pistan; baita saski, ate eta segurtasunerako sare berriak ere.

Obra sei astez luzatuko da gehienez, udalaren aurreikuspenen arabera. Mondo Iberica S.A.U. enpresari esleitu dio zorua berritzeko obra, 48.340,22 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).