Fermin Etxeberria argazkilariaren artxiboa udalaren esku utzi du haren familiak

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 25a, 10:04

1984 eta 2010 artean egindako 10.000 diapositiba eta negatibo inguruk osatzen dute artxiboa. Ostiralean sinatu zuten lagapen hitzarmena Ana Argaratek, Etxeberria argazkilariaren alargunak, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak.

Fermin Etxeberria argazkilari zarauztarraren artxiboa udalaren esku egongo da aurrerantzean. Ostiralean gorpuztu zuten artxiboaren lagapena Xabier Txurruka alkateak eta Ana Argaratek, hitzarmena sinatu eta gero.

Argazkizale Elkarteko zuzendaritzako kidea izan zen Etxeberria, eta 1987an bere gain hartu zuen erakusketen ardura. 1996an elkarte presidente izendatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen 2013ra bitartean. 2019an hil zen, 60 urte zituela.

Zarauzko Udalak adierazi duenez, argazkilariaren artxiboa oparoa da, eta 10.000 diapositiba eta negatibo inguru biltzen ditu. Argazkietan aurki daitezke, besteak beste, paisaiak, jendeari egindako erretratuak, Zarauzko jaiak eta abar.

Alkateak esker oneko hitzak izan zituen Etxeberriaren senideentzat: "Bihotzez eskertu nahi diet Ana Argarate eta Iñigo Echeverriari udalari egindako ekarpena. Kalitate handiko argazkiak dira hauek; besteak beste, zarauztarrentzat balio handia duten ekitaldi eta paisaietako argazkiak biltzen ditu artxiboak".