Baditu irabazleak Ingurumenaren Nazioarteko Eguneko argazki eta marrazki lehiaketak

Zarauzko Hitza 2021ko uzt. 26a, 16:09

Lehiaketaz gain, Eraztun Berde Urdinaren web orrian zabaldutako inkesta erantzun zutenen artean bi prismatikoren zozketa egin du udalak.

Ekainaren 5ean izan zen Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, udaleko Ingurumen Sailak "Eraztun Berde Urdinaren balioa islatzeko" argazki eta marrazki lehiaketa antolatu zuen, eta gaur eman du jakitera nortzuk diren irabazleak.

10-16 urte kategorian irabazlea 11 urteko Amets izan da, martin arrantzale bati Iñurritzako biotopoan ateratako argazkiagatik. 16 urtetik gorakoetan, 16 urteko Alexanderrek egin du argazkirik onena epaimahaiaren iritziz; elur berdantza bat ageri den irudia aurkeztu du hark lehiaketara. 10 urtez azpikoen marrazki lehiaketan, berriz, 9 urteko Marekek irabazi du saria.

Horrez gain, Eraztun Berde Urdinaren web orriko inkesta bete zutenen artean bi prismatiko zozkatu dira, eta Leire eta Izaro izan dira zortedunak.

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu dutenei, eta bereziki eskertu du ikastetxeetan jarduera hau egitea proposatu izana, horrek "ikasleen artean ingurumenarekiko kontzientziazio lana egiten" laguntzen duelako. "Horixe zen, izan ere, jarduera horren helburua eta asko pozten gaitu ikastetxeek zabalkunde horretan laguntzea, funtsezkoa baita gure ingurumena errespetatzea eta horren zaintzan heztea", gaineratu du zinegotziak.