Munoako parkin pareko errepide zatian ibilgailuak gelditzea debekatu du udalak

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 28a, 14:41

(Argazkia: Zarauzko Udala)

N-634 errepidea ez kolapsatzea da helburua, "gidari batzuk behar ez den tokian gelditzen direlako parkina libratu zain". Horregatik margotu ditu pare horretan lurrean debekatuta elkargunea oztopatzea esanahia duten marra horiak. Bide batez, zebra-bidea ere jarri du udalak.

Batez ere uda sasoian ibilgailu ugarik zeharkatzen dute Zarautzen errepide nagusia, N-634a, eta zati batzuetan arazoak detektatu ditu udalak.

Horietako bat da Munoa parkinerako sarbide ingurua, "gidari batzuk behar ez den tokian gelditzen direlako parkina libratu zain, hura beteta egon arren, eta, batzuetan, aparkalekuko kudeatzaileen eta Udaltzaingoaren esfortzua ez delako nahikoa izaten eta Zarautz zeharkatzen duen N-634 errepidea kolapsatu egiten delako".

Horregatik, parkineko sarreran elkargunea ez oztopatzeko seinalea margotu du udalak, baita oinezkoentzako zebra-bidea ere.

Iker Basurko EAJko Mugikortasun zinegotziak gaineratu du seinaleztatze horrekin eta "behar handiena dagoen egunetan Udaltzaingoaren laguntzarekin", egoera hobetzea espero dutela. Dena den, gogorarazi du "aparkalekuko erabiltzaileen elkarlana" ere beharrezkoa izango dela.