Presoen alde Getariara martxa egingo da larunbatean, eta hondartzetan aldarria, igandean

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 29a, 09:00

Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta, Sarek eta Etxeratek ekitaldi bana antolatu dute larunbat eta igande honetarako. Larunbatean, Zarauztik Getariara oinez joatea da asmoa, han 11:30ean hasiko den ekitaldian parte hartzeko. Igandean, berriz, hondartzetako urteroko hitzordua izango da. Eskualdean, Zarauzko eta Orioko hondartzetan elkartuko dira herritarrak aurtengoan.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan bultzada ematea helburu hartuta, eskualde mailako ekitaldiak egingo dituzte larunbat eta igande honetan Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko mugimenduek.

Batetik, kostako herriak lotuko dituzte larunbat goizean Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta, eta Getarian elkartuko dira Zumaia aldetik nahiz Orio aldetik joandako herritarrak.

Zarautzen 09:45ean jarri dute hitzordua malekoian, Borgetto parean. Bertan elkartuko dira Oriotik iritsitako herritarrekin. Han, 09:00etan elkartuko dira plazan, eta Txurrukatik barrena iritsiko dira malekoira. Elkarrekin oinez egingo dute Getariarako bidea, N-634 errepide ondotik.

Zumaian 10:00etan elkartuko dira herritarrak Beheko Plazan, eta haiek ere oinez egingo dute Getariara arteko bidea.

Ekitaldi nagusia Getariako Bista Onan izango da, 11:30ean.

Oinez ez ezik, itsasoz iritsiko denik ere izango da, Oriotik traineru bat aterako delako 09:30ean portutik.

Azkenik, zestoarrek jakinarazi dute 09:15ean Gurutzean elkartuko direla, kotxeetan joateko kostako ekitaldira.

Hondartzetan, igandean

Hurrengo egunean, igandean, urteroko hondartzetako hitzordua izango dute zain herritarrek. Etxeratek Euskal Herriko hainbat hondartzatan egingo du euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria, eta eskualdeari dagokionez, Orioko eta Zarauzko hondartzetara gerturatu beharko dute helburuarekin bat egiten duten herritarrek.

12:00etan egingo dute bilkura bi hondartza horietan.

Igandeko ekitaldi horrekin amaituko da azken asteetarako bi mugimenduek prestatu dituzten ekintzak.